‘Paaarisien!, argazkiak eta bizipenak zuri-beltzean, Vitoria-Gasteiz 1880-2009’

Vitoria-Gasteizen historia biziaren eta bere jendearen 100 urtetik gora Vital Fundazioaren Aretoan ikusgai

Vital Fundazioa Aretoan gaurtik aurrera ‘Paaarisien!, argazkiak eta bizipenak zuri-beltzean, Vitoria-Gasteiz 1880-2009’. Erakusketak, 650 irudiz osatua, hiriko biztanleen bizipenak erakusten ditu, argazkilari gasteiztar ezagunen objektiboaren bitartez. Datorren apirilaren 2ra arte izango da ikusgai.

Vitoria-Gasteizko argazkilariek hamarkada luzetan egin dute notario lana, hiriko kaleetan bizitako une eta bizipenen fede emanez. Erakusketak Fernando Martínez de Viñaspreren ekoizpena eta erakusketa-diseinua ditu eta XXI. mendeko bisitariak hiriaren azken 130 urteetako eguneroko bizitzara hurbildu daitezela du helburu: azokak, jaiak, jolasak, neska- mutilak kaleetan edo kirolak dira adibideetako zenbait.

‘Paaarisien!, argazkiak eta bizipenak zuri-beltzean, Vitoria-Gasteiz 1880-2009’ erakusketak 650 argazki biltzen ditu hainbat formatutan, Vitoria-Gasteizko Udal artxibategitik, Arabako Lurralde Historikoko Artxibategitik eta Sancho el Sabio Fundazioaren fondoetatik datozenak. 1880 eta 2009 bitartean, garai bakoitzeko argazkilari nabarmenenek egindako argazkiak dira. Haien artean, Salvador Azpiazu, Alberto Schommer, Enrique Guinea, Balbino Sobrado, Ceferino Yanguas, Tomás Alfaro, Gerardo López de Guereñu, Santiago Arina, José María Parra, Federico Arozena eta Gregorio Querejazu ditugu.

Erakusketa osatzen duten argazki asko ez dira sekula izan jende aurrean, sailkatu eta digitalizatuak izatearen zain. Izan ere, erakusketa hau antolatu izanak bidea eman du katalogatu eta euskarri digitalera pasa daitezen. Balio erantsia da, gainera, Vital Fundazioa Aretoan birsortu egin direla 1/1 eskalan, dagoeneko desagertu egin diren hiriko hainbat eremu, baina oraindik ere arabar askoren oroimen kolektiboan  bizirik  dirautenak. Teknologia saltokiak, tabernak eta jatetxeak, auto tailerrak, argazki-dendak, zinema bat edo jostailuak. Horiek guztiak hiriko pertsonaiekin batera, bere historiaren zati bat oroitzera eramango dute bisitaria.

Zenbait leku mitikoren birsortzeek dute lekua erakusketan, esaterako, ‘La Playa’ taberna. Florida parkean kokatua; Hispano hotel eta jatetxea, bere gasolindegi bereziarekin; Balbinoren tailerra eta bere ‘montesa’ motozikletak; Extramiana saltokia, ‘azken belaunaldiko’ irrati-aparailuak ikusgai zituena edo lehendabiziko telebistak zuri-beltzean;  edo Almacenes Kolkay eta bere jostailuak. Era berean, erakusketa eremuan Arqué argazki- estudio ezagunaren errepresentazioa ere badago edo garaiko zinema bat, pipa eta kakahuetez alaitutako eta ehunka soldadurekin partekatutako arratsalde haiek gogoratu  ahal izateko.

Hori guztia garaiko guardia urbanoen begirada zorrotzaren pean, beti hiriko bidegurutzeetan zeudenak, euren oinpekoen gainean zirkulazioari begira. Ez dira faltako erakusketan mugarri aeronautikoak nahiz motozikletetarako hirian zegoen grina.

Aldi berean egingo diren jarduerak

Arabako Argazkilaritza Elkartearekin elkarlanean, argazkilaritza campusa antolatu da umeentzat. Campus horretan kamera xumea egiten ikasiko dute, argazkiak egiten irakatsiko zaie eta era dibertigarrian eta didaktikoan ikasiko dute arte horren bilakaera, gaur egungo argazki digitala eta eskuko telefonokoetaraino. Nagusiek argazkilaritzan hasteko tailerra ere izango dute.

Beste aldetik, Vital Fundazioa Aretoak zuri-beltzeko errebelatze-laborategia ere izango du eta bisitariek in situ ikusi ahal izango dute nola errebelatzen diren argazki analogikoak,  egun berriro indarra hartzen ari den joera baita. Argazki ekoizpenak eskatzen zuen protokolo guztia ezagutzea aukera interesgarria izango da, asteburuetan erakusketara hurbildu nahi dutenentzat.

Azkenik, asteburuetan ere, ‘argazkilari minutulari’ batek (XIX. mendearen amaieran herriko eta hiriko plazetan ikus zitezkeen profesional ibiltariak, pertsonen argazkiak prezio popularretan egiten zituztenak), XX. mendearen hasierako kamera bat dutela eta garaian bezala jantzita, argazkiak egingo dizkie bisitari taldeei eta hamabost minututan erakutsiko  du nola egiten zen argazki bat eta bere errebelatze-teknika. Jarduera hori ikasle-taldeei eta erakusketa taldean ikusi nahi duten beste talde eta elkarte batzuei ere eskainiko zaie.

Erakusketa Vital Fundazioa Aretoan izango da ikusgai (Posta 13-15, Vitoria-Gasteiz), datorren apirilaren 2ra arte, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:30era, eta igandeetan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera dohain da.