‘Álava insólita: símbolos, mitos y lugares de memoria’

Vital Fundazioaren Sancho el Sabio Fundazioak ‘Álava insólita: símbolos, mitos y lugares de memoria’ lana aurkeztuko du bihar, Santiago de Pablo eta Virginia López de Maturana historialarien lana. Mendeen joan-etorrian lurraldearen identitatea osatu duten elementu guztiak ditu aztergai liburuak. Arratsaldeko 7etan izango da aurkepena, Luis de Ajuria aretoan (k/ Alaba Jenerala 7, Vitoria-Gasteiz).

‘Álava insólita: símbolos, mitos y lugares de memoria’, Sancho el Sabio Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako ikerketa-hitzarmenaren emaitza da. Fundazioak berak eta Beta III Milenio argitaletxeak editatua, mendeetan zehar Arabako lurralde historikoko identitatea osatu duten sinboloak, mitoak eta memoria-lekuak ditu aztergai, oraindik ere memoria kolektiboan baitaude, eta izaera eta sentimendu arabarrean islatzen dira.

Santiago de Pablo eta Virginia López de Maturana historialarien lana da eta hainbat arlo aztertzen dira, hala nola sinboloak, jaiak eta herri tradizioak, gertaera historikoak edo legendakoak, karga sinboliko handia duten geografia arabarreko tokiak, Erdi Arotik gaur egunera arte Arabako historiaren protagonista izan diren gizon eta emakumeak, 1936ko gerra dela eta identitate-marka bilakatu diren gertaerak edo hiriburuaren eta probintziaren modernizazioa XX. mendean zehar.

Besteak beste, hainbat elementuren historia eta esanahia aurki daitezke, esaterako, Arabako bandera era armarria; San Prudentzio, Andre Maria Zuria eta Estibalizko Ama; Zeledon eta brusak eta neskak; Arabako Errioxako patata eta ardoa; Alaves eta Baskonia, Green Capital, Heraclio Fournierren kartak, Jazzaldia edo Araba Euskaraz, baina baita Vitoria-Gasteizko gudua edo 1976ko martxoaren 3a ere. Leku ugari aztertu dira, esate baterako, Gorbeia mendia, Trebiñuko enklabea edo Arriagako San Joaneko baseliza; edo zenbait pertsonaia, Sancho el Sabio, Manuel Iradier, Sacamantecas, Ignacio Aldecoa, Ramiro eta María de Maeztu eta abar luzea.

Kalitatezko dibulgazio liburua da, ilustrazio ugari ditu eta irakurtzeko erraza egiten da, nahiz eta irakurleak prestakuntza historiko sakoa ez izan. Era berean, ikerketa-lana da, idazteko argitaratu gabeko iturri asko erabili baitira, inprimatutakoak zein ikus-entzunezkoak.

De Pablo eta López de Maturana

Egileak lurralde historikoko historia garaikide arloko adituak dira eta zenbait liburu argitaratu dituzte elkarrekin, hala nola ‘Diccionario ilustrado de símbolos del nacionalismo vasco’ (2012), ‘La Diócesis de Vitoria: 150 años de Historia, 1862-2012’ (2013) eta ‘100 símbolos vascos: Identidad, cultura, nacionalismo’ (2016).

Santiago de Pablo Historia Garaikideko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere liburu berrienen artean honako hauek azpimarra daitezke, ‘La patria soñada. Historia del nacionalismo vasco desde su origen hasta la actualidad’ (2015), ‘Creadores de sombras: ETA y el nacionalismo vasco a través del cine’ (2017) eta ‘Historias en albiazul’ (2018). Gaur egun Sancho el Sabio aldizkariaren zuzendaria da eta 2009-2010 ikasturtean ikerlari gonbidatu aritu zen Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies sailean, Reno (Estatu Batuak). Era berean, ikastaroak eta hitzaldiak eman ditu bost kontinenteetako unibertsitateetan.

Bere aldetik, Virginia López de Maturana Historian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Besteak beste, honako liburu hauek idatzi ditu, ‘La reinvención de una ciudad: poder y política simbólica en Vitoria durante el franquismo, 1936-1975’ (2014) eta ‘40 textos fundamentales en la historia contemporánea del País Vasco’ (2017), euskaraz ere argitaratua.

‘Álava insólita: símbolos, mitos y lugares de memoria’ liburuaren aurkezpena bihar izango da, osteguna, arratsaldeko 7etan, Luis de Ajuria aretoan (Alaba Jenerala 7). Sarrera dohainik izango da eta aretoko jesarlekuak bete arte izango da sartzeko aukera. Egileez gain, Jesús Zubiaga Sancho el Sabio Fundazioaren zuzendaria, Carmen Gómez zuzendari ohia eta Paco Góngora kazetaria eta ‘Historias perdidas de Álava’ sortaren egilea ere bertan izango dira.