San Frantzisko komentua’

Erakusketa ‘Hiri galdua. San Frantzisko komentua’

Vital Fundazioaren Sancho el Sabio Fundazioan, gaurtik aurrera  ‘Hiri galdua. San Frantzisko komentua’ erakusketa ikusgai. Hiriak eraikin asko galdu ditu hurbileko garaian, eta San Frantzisko komentua enblematikoenetako bat izan da, maila artistikoan zein historikoan. Antolatu den erakusketak eraikin enblematiko horren historia, bilakaera eta gainbehera erakutsiko dizkigu. Otsailaren 8ra arte izango da jendaurrean.

Erdi Aroko Araba ekimenaren lan-taldea da erakusketaren komisarioa eta San Frantzisko komentura hurbiltzen den bibliografia eta argazki erakusketa bat da. XIII. mendearen hasieran eraiki zen komentua, militarren kuartel bilakatu zen XIX. mendean eta eraitsi egin zen 1930. urtean. Bere hormen artean gordetzen zen mendeetan zehar metatzen joan zen zama historiko osoa, eraitsi zen arte, dinamitak ezarri zuen amaiera eta eraikina ez ezik bere barnean gertatutako guztia ere betiko ahanzturan erortzear egon da.

Ikerketaren ardura izan duen taldeak, Gorka López de Munain, Isabel Mellén, Iñigo Ezquerra eta Ander Gondra ditu kideak, eta estatuko dozena bat artxibategitako dokumentuak eta materialak baliatu ditu erakusketa prestatzeko. Hartara, Gasteizko komentu horri buruz orain arte egin den historia osatuena eta konplexuena eraiki dute.

San Frantzisko eta Posta kaleen artean kokatua, erdigunean zegoenez, nolabaiteko eragina izan zuen hiriaren bilakabidean. Horrela, komenturen erabilera erlijiosoan eta politikoan sakontzen du erakusketak; mugari artistikoan eta bertan lurperatuta dauden pertsonen izen handietan; bertan bizi ziren pertsona batzuen ospean edo, XIX. mendean, jarraikako gerretan bizitako zailtasunetan eta zoritxarretan.

Gainera, eraikina behin betiko eraitsi baino lehen, aurreko urteetan, hirian bizi izan zen eztabaida latza aurkeztu eta bere testuinguruan kokatzen du erakusketak, eta eraisketa aurreko eta osteko argazki aukeraketa zabala dago, eta hiriko prentsak jaulkitako iritzi egiaztatuen erakusketa zabala. Hirigintza interesak, ondare-sentiberatasuna edo hiriaren hazkundea dira eztabaida horren ezinbesteko osagaietako batzuk.

‘Hiri galdua. San Frantzisko komentua’ erakusketa, jarduera eta proposamen sorta baten hasiera ere bada, eta datozen hilabetetan, komentu desagertu hori izango du protagonista. Liburu-katalogo bat argitaratuko da, eta zehatzago eta sakonago garatuko dira erakusketan aipatutako zenbait alderdi. Era berean, hitzaldi ziklo bat egingo da, bere historiako ezinbesteko elementu eta epealdiei buruz, eta hainbat bisitaldi gidatu abiaraziko dira, erakusketa horretara nahiz Gasteizko erdigunera, eta oraindik ere bertan dauden komentuko hainbat aztarna ikusiko dira.

‘Hiri galdua. San Frantzisko komentua’, otsailaren 8ra arte izango da ikusgai, astelehenetik ostegunera 9:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara eta ostiraletan 8:00etatik 15:00etara, Sancho el Sabio Fundazioaren egoitzan (Betoñuko Atea, 23). Jaiegunei eta ordutegi bereziei buruzko informazio gehiago eta taldeetarako bisitaldi gidatuak eskatzeko, 945 25 39 32 telefonora deitu behar da.