Landazuri Elkartearen “2017ko saria” jaso du Sancho el Sabio Fundazioak

Vital Fundazioaren Sancho el Sabio Fundazioak Landazuri Fundazioaren “2017ko saria” jaso du, talde modalitatean. Arabako kultura arloan nabarmentzen diren edozein motatako jarduerak saritzeko helburuz sortu ziren sari horiek. Ekitaldian Arte Sakroko Museoko zuzendaria den Zoilo Callejak ere jaso du eman zaion saria.

Sancho el Sabio Fundazioari egokitu zaion aitortza Jabi Soto Landazuri Elkartearen presidenteak eman dio Jon Urresti Vital Fundazioaren presidenteari. Urrestik eskertu egin du saria eta honako hau adierazi du “Landazuri Elkarteak eta Sancho el Sabio Fundazioak interes, helburu eta kezka ugari partekatzen dituztela Arabari eskaintzen dioten ahaleginean, hala nola gure kultura, tradizio eta ohituren sustapena eta babesa edo Euskadirekiko ezagutzan eta lankidetzan sakontzeko lana”.

1992an hasi zen Landazuri Elkartea sari horiek banatzen, gizartea bere izaera ezaugarriak eta elkarbizitza balioak ezagutu eta zaintzearen onurez sentsibilizatzeko helburuz. Arabako kulturaren alde lan egiten duten taldeen nahiz pertsonen ahalegina nabarmentzeko xedez, gainera, urtero ematen dituzte sari horiek, taldekako eta banakako modalitateetan.

Hartara, talde modalitatean, oraingo honetan, Sancho el Sabio Fundazioak burutzen duen “euskal kulturarekin zerikusia duen dokumentazioaren biltze, zaintze eta hedatze lana” azpimarratu nahi izan dute. Aitortzen aurkezpenean, Landazuri Elkarteak nabarmendu duenez, Fundazioaren lanak “euskal dokumentu funts oso joria eta osatua eratu dadila ahalbidetu du”.

Sancho el Sabio Fundazioak, dokumentazio-zentro garrantzitsuenetako bat euskal kulturari dagokionez, euskal herriaren oroitzapen bibliografikoa eta dokumentala gordetzen du, bere historian eta aniztasun ideologikoan zehar. Bere liburutegian, 1964tik, dokumentu-funts baliotsua du, eta monografiak, aldizkako argitalpenak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak edo familia-dokumentuak aurki daitezke, izan ere, ondare aberastasun esanguratsu horrek derrigorrezko erreferente bilakatu du, euskal kulturari buruzko ikerketa lanetarako (www.memoriadigitalvasca.es).

Bere aldetik, banakako modalitatean, Zoilo Calleja Ansoteguik jaso du “2017ko saria”, hamarkada luzeetan erlijio arteari, arkeologiari eta bertako kulturari eskaini dion lanaren aitortzan. Arte Sakroko Museoko zuzendaria da Calleja eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Arkeologiarako Arabar Institutuko kidea ere bai.