Sancho el Sabio Vital Fundazioak Jesus Guridiren dokumentu-artxibo musikala jaso du

Jesus Guridi gasteiztar konpositore ospetsuaren familiak haren familia- eta lanbide-bizitzari buruz hain ezagunak ez diren alderdiak azaltzen dituen material ugari eman dio Sancho el Sabio Vital Fundazioari.

Jesus Guridi Bidaola (Vitoria-Gasteiz, 1886 – Madril, 1961) Florida kaleko 36. zenbakian jaio zen eta genero guztietako musika obra zabala utzi zuen: instrumentala, korala, opera, zarzuela, kamera eta organoko musika, etab., tartean ‘Mirentxu’, ‘Amaya’ eta ‘El Caserío’ bezalako lanak, baina baita horren ezagunak ez diren baina kalitate berekoak diren beste hainbat ere, musikaz, oro har, eta euskal musika tradizionalaz, zehazki, zuen ezagutza oparoa agerian utzita. Vitoria-Gasteizek etengabeko aitortza eta oroitzapena eskaini izan dio konpositoreari. Halaxe erakusten dute 1986an haren jaiotzaren mendeurrenaren harira egindako ospakizunak, kale batek haren izena izateak edo gure hiriko goi mailako musika heziketarako erakundea den Jesus Guridi Kontserbatorioaren izenak.

Haren musika-ondarea hainbat erakundetan banatuta dago: Eresbil, Liburutegi Nazionala, Madrilgo Goi Mailako Musika Errege Kontserbatorioa, Autoreen Elkarte Nagusia, Fonoteka Nazionala. Era berean, Sancho el Sabio Vital Fundazioak konpositorearen erreferentzia ugari bildu izan du urteetan zehar, bai partitura musikalen egile gisa, bai omenaldiekin, biografiekin edo teoria musikalarekin lotutako obra eta azterlanen egile gisa. Bere artxiboetan, gainera, hainbat euskarritako musika-grabazioak daude.

Haren semeetako batek, Javier Guridik, Donostiako bere etxean gordetzen du familiaren dokumentazioaren zati bat. Horrek duen interesaz jabetuta, eta artxibo eta erakunde publikoetan dagoen informazioaren osagarri gisa, erabaki du Vitoria-Gasteiz izatea, alegia jaio zen hiria, horren azken helmuga, eta Sancho el Sabio Vital Fundazioa erakundea aukeratu du hori kontserbatzeko eta zabaltzeko.

Guridi Lana familiak Jesus Guridiri buruz emandako dokumentazioan honako hauek biltzen dira: gutunak, familiako eta lanbideko argazkiak, partiturak, agendak, liburuxkak, postalak… haren familia- eta lanbide-bizitzari buruz hain ezagunak ez diren alderdiak erakusten dituztelarik. Sancho el Sabio Vital Fundazioak katalogo inbentario bat egin du dagoeneko: deskribatutako eta digitalizatutako 254 erreferentzia, horren webgunean kontsultatu ahal izango direnak: www.sanchoelsabio.eus.

Sancho el Sabio Vital Fundazioak artxibo pertsonalak eta familiarrak berreskuratzeko duen proiektuaren parte izango da Jesus Guridi funtsa. Proiektu horrek Vitoria-Gasteizen inguruko kulturaren alderdiak ezagutzeko jakin-min handia sortzen duten baina eskuratzen zailak diren dokumentu-funtsak bildu, deskribatu eta zabaltzea du helburu.

Sancho el Sabio Fundazioa euskal kulturari buruzko Dokumentazio Zentro garrantzitsuenetakoa da, eta euskal herriaren memoria bibliografiko eta dokumentala gordetzen du, haren historiaren eta pluraltasun ideologikoaren bitartez. 1964tik, liburutegiak funts dokumental baliotsua hartzen du barne; bertan, monografiak, aldizkariak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak nahiz familia-agiriak aurki daitezke. Ondare aberats nabarmena da eta, hari esker, nahitaezko erreferentea bihurtu da euskal kulturaren gaineko ikerketarako. Horren kontsulta, gainera, erabat informatizatuta dago.

Liburuaren Nazioarteko Eguna

Sancho el Sabio Vital Fundazioak hainbat jarduera antolatu ditu Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. UNESCOk hala proposatuta, apirilaren 23an izaten da urtero egun hori, irakurzaletasuna, argitalpen-jarduera eta jabetza intelektualaren babesa sustatzeko. Ospakizunarekin bat egiteko, Sancho el Sabio Vital Fundazioak bere egoitzako ateak irekiko ditu, apirilaren 24tik 27ra burutuko diren proposamen biren eskutik.

Sancho el Sabio Vital Fundazioa euskal kulturari buruzko Dokumentazio Zentro garrantzitsuenetako bat da, eta euskal herriaren memoria bibliografikoa eta dokumentala gordetzen ditu bere historiaren bitartez. Bere liburutegiak, 1964az geroztik, euskal kulturari buruzko ikerketarako derrigorrezko erreferente bihurtu duen ondare aberastasun garrantzitsua du. Funts horien kontsulta, gainera, erabat informatizatuta dago.

Sancho el Sabio Vital Fundazioak antolatutako programazioa astelehenean, hilak 24, hasiko da, 11:00etan, erakundearen egoitzara egingo den bisita gidatuaren eskutik, Betoñuko Atea 23an (3. lineako busa). Bertan, interesdunek dokumentazio-zentro honetan egiten den lana eta bertan dituzten funtsak ezagutzeko aukera izango dute. Eraikuntza osoa erakutsiko da. Kristalezko eraikin erakargarria da, sarbidea orain estalita dagoen klaustro zaharretik duen antzinako kapera baten inguruan eraikia. Arreta berezia jarriko zaie dokumentazio-gordailuei eta lan-eremuari. Bisita hau asteartean, hilak 25, errepikatuko da ordu berean.

Asteazkenean, hilak 26, eta ostegunean, hilak 27, goizeko 11etan, ‘Zer gertatu zen jaio zinen egunean?’ Oroimenaren Tailerra antolatu da. Helburua da bisitariek euren buruari buruz ikertzea erakundearen funtsetan. Euren familia-abizenen jatorria ikertu dezakete, jaiotze-eguneko egunkaria berreskuratu edo Vitoria-Gasteizko kaleei buruzko xehetasunak arakatu ditzakete, besteak beste.

Jarduera hauetako edozeinetan izena eman behar da egoitzan bertan, 945 253 932 telefonora deituz edo posta elektroniko bat bidaliz fs-inf@sanchoelsabio.eus helbidera.

“Vital Lorategia”

Sancho El Sabio Vital Fundazioak karbonorik gabeko ekintzetarako lehen azpiegitura berdea izango du gure hirian. Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) eta klima-aldaketa arintzearen eta horretara egokitzearen testuinguruan kokatutako ekimena da Vital Lorategia, helburu horiekin bat egin baitute Vital Fundazioek.

Azpiegitura berdea Sancho el Sabio Vital Fundazioaren Betoñuko lursailean egongo da, eta konpondu nahi diren ingurumen-inpaktuak izango ditu: ur-eskasia udako hilabeteetan, grafitiak horman eta inpaktu akustikoak errepidetik. Inpaktu horiek minimizatu egingo dira zuhaitzak landatuz, hartara, ‘bero-uharte’ efektua gutxituko baita, hezetasuna areagotu, azaleko jariatze-ura minimizatu eta biodibertsitatea erakarriko da ingurura. Ura eta landaretza sartzean, inguruneak atseginago bihurtzen dira, efektu biofilikoari esker.

Vital Lorategia karbono-hustubidea izango da, 25 pagoz, 25 lizarrez eta 40 urkiz osatua, eta 2019ko Vital Egunak eta 2020ko Gabonetako Merkatuak isuritako karbono-aztarna xurgatuko dute, hartara, karbonorik gabeko ekitaldiak lortuko dira. Ekitaldi bi horiek Erronka Garbia- Ingurumenaren aldetik Ekitaldi Jasangarria ziurtagiria izan zuten, eta ingurumen-inpaktuak bere sei ardatz bereizgarrietan kalkulatu ziren: mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak. Ekitaldiak burutu ondoren, horri lotutako karbono-aztarna kalkulatu zen, 100,08 t Co2, eta inpaktu hori arintzeko, Vital Fundazioek landaketa bat egitea erabaki dute, isurketa horiek 30 urtetan konpentsatzeko.

Helburu hori lortzeko, paisaian integratzeko tekniken bidez diseinatu da Vital Lorategia, jarduerak ingurunearekin harmonizatu daitezen.

Proiektuaren osagai sozialak Sancho el Sabio Vital Fundazioa nahiz IDarte, Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola biltzen ditu, lursaila biziberritzeko eta bertan jarduera berriak sortzeko. IDarteko ikasleek prestakuntza jaso dute proiektu bati ekiteko orduan paisajistek erabiltzen dituzten oinarriei buruz, eta aurtengo irailaren 26tik urriaren 26ra egin zen Betoñu Bizirik erakusketan hartu zuten parte. Lurzati horri beste erabilera batzuk emateko proposamenak aurkeztu zituzten. Erakusketaren ondoren, ideia irabazlea aukeratzeko lehiaketa bat egin zen. Aurreikusita dago proiektua ikasturte honetan zehar definitzea eta datorren ikasturtearen hasieran gauzatzea.

“Vital lorategia” Sancho el Sabio Vital Fundazioak Vitoria-Gasteiz hiriari egindako oparia da, European Green Capital izatetik 2030erako Karbonoan Hiri Neutro izatera igarotzean. Hiriari klima-aldaketara egokitzen eta jasangarriagoa eta berritzaileagoa izaten lagunduko dion azpiegitura berdea.

 

 

 

 

 

 

 

Sancho el Sabio Fundazioak “Liburuak eta beste aitzakiak” aurkezten du, Xabier Egaña artistaren lana

Sancho El Sabio Vital Fundazioaren Betoñuko Ateko egoitzak aparteko erakustoki berezi bat eskaintzen du Xabier Egañaren (Areeta, 1943) hogeita hamabost obra hauek erakusteko. ‘Liburuak’ aitzakia gisa erabiltzea da erakusketaren ardatza.

Hainbat pieza hibrido dira, 2009tik 2014ra bitarte Egañak pintura, eskultura eta collagea konbinatuz eginak Antezana-Andetxako elizan egin zuen Bizitzarako pinturak obra muralista zoragarriaren bozetoen (2010-12) eta gauzatzearen (2013-2017) garaian.

Liburuak hor egon dira beti, Xabier Egañari une oro lagunduz bere bizitzaren ibilbidean, eta estimulu eta emozioen, aurkikuntza eta frustrazioen iturri agortezina izan dira harentzat. Ahaztutako apaletan metatutako liburuak dira, dagoeneko edukirik ez dutenak, eta artistak aitzakia moduan erabiltzen ditu bere esperimentazio kontzeptual eta espresiboan aurrera egiteko, bere kezka, nostalgia eta bizipenik pertsonalenak ahalegin horretan jarrita.

Erakusketaren komisarioa eta Egañaren obran aditua den Juan Ayestaren hitzetan, “Liburuak aitzakia gisa erabiliz egindako obra horiek, egileak Hondarrak deitu zion pieza sorta zabalago baten parte dira, eta lan horretan garatu zuen Egañak bere alderdirik konplexuena, muntaiak, aurkitutako materialak, pinturak, marrazkiak eta eskulturak erabiliz. Antezanako elizako hormei buruzko gogoeta hasi zuen garai berean hasi zituen. Eta hori bitxia da, Antezanan egindako lana eta erakusketa honetako obrak erkatzen dituen edonork ez lukeelako pentsatuko egile berarenak direnik, eta are gutxiago aldi berean egin zituenik. Ez dute inolako zerikusirik, ez erabilitako gai eta motiboetan, ezta estiloari, teknikari, materialei eta abarri dagokienez ere. Xabier Egañaren aberastasun eta aniztasun plastiko benetan zoragarriaren erakusgarri da hori guztia. Eta Gasteizen ikusteko modua izatea egundoko aukera da guztiontzat”.

Lehen aldiz, egilearen aparteko liburu errepikaezin batzuek osatuko dute erakusketa, eta aipatzekoa da artistak bere ibilbide artistiko eta pertsonal luzean argitaratutako ehun liburu baino gehiagoren artean hautatutako liburuak direla.

Erakusketa honen obra gehienek asmo kontzeptual bat dute, eta horren barruan artistak esanahi ugari garatzen ditu artearen hizkuntza unibertsala erabiliz, obra horietan, aurkakotasunak areagotzen dituzten erlazioak eskainiz: arina-astuna/ hauskorra-sendoa/ adimena-materia / existitzea-desagertzea.

Liburuak eta beste aitzakia batzuk ‘erakusketa Sancho el Sabio Vital Fundazioaren egoitzan egongo da ikusgai (Betoñuko Atea 23, Vitoria-Gasteiz) urtarrilaren 13ra arte, ohiko ordutegian: astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara eta ostiraletan 8: 30etik 14:30era. Sarrera doan da.

 

 

Podcast capítulo 11: “Brujería vasca”

En el episodio 11 de “El podcast de Sancho el Sabio” nos centraremos en uno de los períodos más oscuros de nuestra historia: el auge de los procesos de brujería en suelo vasco y las implicaciones que tuvo para cientos de personas, la mayoría mujeres. Isabel Mellén nos narrará en la sección inicial los sucesos que desembocaron en el famoso Auto de Fe de Logroño de 1610 y cómo éste disparó las alertas de Alonso de Salazar y Frías, inquisidor dispuesto a demostrar que la brujería no tenía un fundamento real. En la sección “Tesoros del archivo”, Ander Gondra nos comentará algunas de las joyas bibliográficas en relación con la brujería que se custodian entre los fondos de la Fundación, como el famoso libro de Pierre de Lancre sobre las brujas de Lapurdi y los volúmenes que rescatan el fenómeno de una manera literaria en el siglo XIX. En nuestro coloquio contaremos con la historiadora Amaia Nausia Pimoulier, experta en historia de las mujeres en la Edad Moderna, que nos ofrecerá las claves para comprender el auge de la brujería en la Navarra de los convulsos siglos XVI y XVII. Nuestro experto en fotografía Jabi Soto nos revelará las complejas conexiones entre la fotografía y el mundo de los muertos, a través del fenómeno del espiritismo. Y, para terminar, contaremos con Jesús Zubiaga, el director de la Fundación Sancho el Sabio, que nos explicará la importancia del fenómeno de la brujería en la cultura vasca y los estudios que se han realizado en torno a ella.

Todos los capítulos del podcast de Sancho el Sabio están disponibles en las principales plataformas para podcast y en la página web de la Fundación Sancho el Sabio Fundazioa.

 

Capítulo 11 "El podcast de Sancho el Sabio"

 

“Betoño Bizia” erakusketa

Sancho el Sabio Vital Fundazioak bultzatutako erakusketa bikoitza Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako eta Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako (IDarte) ikasleen proposamenen emaitza da, Arabako hiriburuko industrialde hori hirigintza, gizarte eta ingurumen alorretan biziberritzeko. Guztira 20 proiektu (10 Sancho el Sabio Fundazioan eta beste 10 IDarten) hiru dimentsiotako formatuan, Betoñuren etorkizunari buruz hausnartzeko.

2022ko irailaren 26tik urriaren 26ra

Ordutegia: 9:00-13:30

 

Sancho el Sabio Fundazioak Blas de Oteroren obrari buruzko lan bat saritu du 2022ko Unibertsitateko Ikerketa Lehiaketan

Sancho el Sabio Vital Fundazioaren Ikerketa Lehiaketako epaimahaiak aho batez erabaki du 2022ko deialdiko saria Francisco Contreras Armestori ematea, ‘La muerte de la escritura y el principio de la voz en“Poesía e Historia” de Blas de Otero’ lanagatik. Deialdia master eta doktoregoko unibertsitate-ikasleei zuzenduta zegoen, euskal gaiei buruzko ikerketa eta Sancho el Sabio Fundazioaren funtsen erabilera sustatzeko. Francisco Contrerasek 1.000 euroko saria jasoko du eta bere artikulua erakundearen aldizkarian argitaratuko da.

Epaimahaiak Francisco Contreras Armestok Blas de Oterori buruz egindako lana nabarmendu du, bere “maila akademiko eta ikertzaile handiko planteamenduagatik. Blas de Oteroren obraren eta bizi-inguruabarren ezagutza sakona erakutsi du. Idazketa zainduan ikerketarako heldutasun nabarmena du, eta prestakuntza-maila handia islatzen du”.

Francisco Contreras (Malaga, 1996) Filologia Hispanikoan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan egin zuen Literatura Konparatua eta Literatura Ikasketak masterra ere. Gaur egun doktore-tesia unibertsitate honetan bertan egiten ari da. Bere ikerketak XX. mendeko espainiar poesian ardaztu dira.

‘El fin de la escritura y el principio de la voz en “Poesía e Historia”, de Blas de Otero’ bere lanean Blas de Oteroren poesiara hurbilketa bat garatzen du poeta bilbotarrak inoiz argitaratu ez zuen poema-liburu baten bidez: Poesía e Historia [1960-1968]. Poema-liburu horretan Oterok duen diskurtso poetikoaren berezitasunak aztertu ditu bere ikerlanean, izan ere, poema bere idazkeratik banandu eta ahozkotasunean urtzen da, poesia bere bide naturalera itzuliz, eta hori adierazten duen subjektua bere idazkeran eraikitzen da, ondoren ezabatu eta herriak bere lekua har dezan utziz. Poema-liburua Blas de Oterok bere azken poemetan osoki garatuko zuen poesia irekiaren ikuspegi berri horren lehen adierazleetako bat da. Gaur egun, “Hojas de Madrid con La galerna” delakoan jasoak daude.

Sancho el Sabio Fundazioa euskal kulturari buruzko dokumentazio-zentro garrantzitsuenetako bat da, eta euskal herriaren memoria bibliografikoa eta dokumentala gordetzen ditu, bere historiaren zehar eta aniztasun ideologikoaren bitartez. Bere liburutegiak, 1964tik, dokumentu-funts baliotsua du, zeinetan monografiak, aldizkako argitalpenak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak edo familia-dokumentazioa aurki baitaitezke, ondare aberastasun garrantzitsua, euskal kulturaren ikerketarako nahitaezko erreferente bihurtu duena.

2021ko Sancho el Sabio Vital Fundazioaren Jarduera Memoria

Sancho El Sabio Vital Fundazioak dokumentu-bilketaren eginkizuna betetzen jarraitu du 2021ean, COVID-19ak eragindako pandemiak berriro markatutako urtean. Hala ere, horrek ez du eragotzi euskal kulturan interesa duten ikertzaileek dokumentu-zentroak eskainitako kontsultarako eta hedapen-zerbitzuetarako sarbidea izaten jarraitzea.

Aipatzekoak dira, besteak beste, ‘Basques in California’ eta ‘1921, hondamendi baten oihartzunak’ erakusketak, publikoarekin berriro harremanetan jartzea ahalbidetu baitzuten, eta ‘Sancho el Sabio: Euskal kultura eta ikerketa aldizkaria’ argitalpenaren 44. alea plazaratu zela.
Gainera, interes handiko dokumentazioaren dohaintza partikular berriek nahiz katalogatzeko eta digitalizatzeko familia-artxibo bi gordailutzeak Fundazioaren funtsen kalitatea handitzea ekarri zuten. Jarduera 2021ean maila onargarrietan mantendu zen. Erosketei eta lan teknikoari buruzko datuak normaltasun aipagarrian egin ziren, osasun-egoera gorabehera. Sancho el Sabio Vital Fundazioko langileei eskerrak eman behar zaizkie normaltasun horri eusteagatik. Bere ahaleginari eta dedikazioari esker, bizitako ezohiko egoerak
ez du eraginik izan ikertzaileei ematen zaien arretan eta ohiko lanean. Azpimarratzekoa da, halaber, unibertsitatearen beka jaso duten lau pertsonaren lana, ikerketara eta prestatzen ari diren ikertzaileentzako dokumentuen tratamendura hurbiltzeko modu bat.

Azkenik, Sancho el Sabio Fundazioari eta haren funts digitalizatuei buruzko ikerlan bat aipatu behar da, Lucía
Martín Azagrak egina. Ikerketa-gai izatea mugarri garrantzitsua da besteren ikerketetarako kontsultetan laguntzen duen erakunde honen ibilbidean.

 

Sancho el Sabio Fundazioak “Pegados a la fiesta” aurkeztu du

Sancho el Sabio Vital Fundazioak “Pegados a la fiesta” liburua aurkeztu du gaur, Vitoria-Gasteizko blusa eta nesken kuadrillek 1978 eta 2019 artean argitaratutako 500 pegatina inguru biltzen dituen argitalpena. Dokumentu hori baliagarria eta beharrezkoa da Arabako hiriburuko gizartearen, jaien eta historia hurbilaren bilakaera ezagutzeko. Egilea Rafael Resines Pradera da, Sancho el Sabio Vital Fundazioko artxibozaina.

Dokumentuak berreskuratzeko proiektu hau kuadrillaren armarria edo izena duten itsasgarrietan edo horietako batekoak direla argi ikusten den itsasgarrietan oinarritu da. Era berean, Blusen eta Zeledon Txikiren Batzordearenak ere sartu dira, Andre Maria Zuriaren jaietako zati intrintsekoa eta banaezina baitira. Fundazioaren beraren funts zabalaz gain, proiektua “eromen kolektibo” bihurtzeko, sare sozialen bidez dei publikoa egin zen nahi zuenak gordeta zituen pegatinak helaraz zitzan. Guztira 475 eranskailu bildu eta digitalizatu dira, eta beste 222 Sancho El Sabio Vital Fundazioan gorde dira kontserba daitezen.

Egilearen erronka handienetako bat izan da “dagoeneko desegin eta festetatik desagertu diren blusa eta nesken kuadrillen pegatinak bilatzea; izan ere, ale asko betiko galdu dira”. Liburu honen helburua da, halaber, kuadrillek berek eta Vitoria-Gasteizko herritar guztiek pegatinak dokumentu gisa hartzea, eta dokumentu hori balioetsi, gorde eta katalogatu egin behar da, hurrengo belaunaldien ezagutzarako eta gozamenerako. “Dokumentu horiek kontserbatzeko eta kontsultatzeko modukoak dira, sortu ziren garaia ezagutzeko; izan ere, horien bidez kuadrillen eta Vitoria-Gasteizko jaien bilakaera ikus daiteke”, gehitu du.

Aurkitu diren zaharrenak 1978 eta 1979 urteetakoak dira, eta Batasuna eta Jatorrak kuadrilletakoak dira, hurrenez hurren. Horietan, Trantsizioan zehar izan zuten errebindikazio izaera ikusten da, ondoren umorearen bidez hiriko botere politikoei kritika egiten joateko. Era berean, oso argi ikusten da emakumeak noiz sartu ziren kuadrilletan, eta hori mezu ez-sexista eta gero eta inklusiboagoetan islatzen joan zen.

Sancho el Sabio Vital Fundazioaren helburua da zenbait dokumentu txikiri buruzko kontzeptua aldaraztea, hala nola liburuxkak, panfletoak, aldizkariak, errezeta-orriak, fanzineak, sarrerak, gonbidapenak eta, jakina, eranskailuak, eta horiek kontserbatzen laguntzea.

Pegatinaren agerpena eta erabilera adierazpide gisa Trantsizioko lan-, politika- eta gizarte-aldarrikapenen babesean sortu zen. Haien erabilera errazak eta erresistentziak oso ondo erantzuten zieten informazioa azkar zabaltzeko premiei. Blusa eta nesken kuadrillek laster hartuko zuten beretzat eta jai-jardueratik banaezin bihurtu zen.

Hala eta guztiz ere, artxiboek ez dituzte eranskailuak merezi duten kategoriarekin tratatu, eta dokumentu txikitzat hartu dira, eta ez dira bildu, gorde eta zabaltzeko modukotzat jo. Izan ere, Vitoria-Gasteizen dauden artxiboetatik, Sancho El Sabio Vital Fundazioak baino ez du kalifikatzaile hori merezi duen bilduma duin bat (20.000 unitate), askotariko gaiak jorratzen dituzten itsasgarriez osatua, hala nola, politika, euskara, jaiak, gai sindikalak, elkarteak edo ekologia, besteak beste.

 

Liburuaren aurkezpena

Jendaurreko aurkezpena uztailaren 12an egingo da, 19:00etan, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua, Vitoria-Gasteiz). Egileak berak, Jesús Prieto Mendaza antropologoak eta Sancho el Sabio Vital Fundazioko zuzendari Jesús Zubiagak hartuko dute parte ekitaldian. Sarrera librea izango da.

 

“Salburua, un año en la vida de los humedales” liburuaren aurkezpena

Sancho el Sabio Vital Fundazioak ‘Salburua, un año en la vida de los humedales’ liburu ilustratua aurkeztuko du bihar, José Javier Frías ingurumen hezitzaile eta ilustratzaile naturalistaren lana. Argitalpenak landa-koaderno moduan aztertzen ditu Arabako hiriburuko Salburuako hezeguneetan ikusitako hegaztiak, eta egile gasteiztarrak urteko lau urtaroetan egindako bisita eta txango ornitologiko ugarien emaitza da. Aurkezpena bihar arratsaldeko 19:00etan izango da Fundazioaren egoitzan (Betoñuko Atea 23, Vitoria-Gasteiz) eta sarrera librea izango da.

Vitoria-Gasteizek faunaren biodibertsitate baliotsua du -hegaztiena batez ere-, eta Salburua balio ekologiko handiko parajea da, espezie migratzaile askoren geldialdi, babesleku eta negualdi-kuartela baita, eta beste hegazti askoren hazkuntza-ingurunea ere bai, sedentarioena zein udakoena. Testuinguru aparta horretan, José Javier Frías gasteiztarrak 164 akuarela-ilustraziotan islatu ditu berak 2013an bizitako behaketa pertsonalak; landa-eremuan aurkitu zituen espezieen benetako deskribapen eta apunteen bilduma.

Salburuako hezeguneen bizitzan, egutegi natural baten urte oso batetik egin du ibilbidea liburuak: anatidoen lo barea neguko tenperatura hotzetan, koartzatxo itzainen eta kaioen bandoak etzalekura joaten, edo zingira-mirotzen itxura zelataria. Era berean, murgil handiaren gorteatzea, paseriforme txikien janariaren bilaketa, lili horiaren loratzea, uretako hegaztien txitoen hazkuntza edo gure lurraldera udako hegaztien etorrera erakusten ditu. Oreinak urmaelean egiten dituzten sartu-irtenek eta horien marru-aldiak edo neguko klima-zurruntasunak iragartzen dituzten hegabera-saldoak agertzeak osatzen dute argitalpena.

Haurtzarotik naturazale amorratua eta Félix Rodríguez de la Fuente dibulgatzaile naturalistaren miresle sutsua, Espainiako Ornitologia Elkarteko (SEO/Bird life) kide da Frías eta Arabako eta Bizkaiko SEO-Betsaide tokiko taldeko idazkaria da. Ilustrazio zientifikoarekiko interes handia du, 2007tik egiten duen jarduera, landa-koadernoetan margotutako akuarelen bidez dokumentatzen du txango ornitologikoetan aurkitutakoa.

Sancho el Sabio Vital Fundazioko zuzendari Jesús Zubiagak aurkeztuko du argitalpena bihar 19:00etan erakundearen egoitzan, Arabako eta Bizkaiko SEO-Betside tokiko taldearen koordinatzaile Ana M. Montoyarekin eta egilearekin berarekin batera.