DOKUJAI, Vitoria-Gasteizko jaien errepaso bat

Uztailaren 25etik abuztuaren 9ra doan jai-aldiak Blusaren eta Neskaren Eguna eta Andre Maria Zuriaren omenezko jaiak hartzen ditu barne eta arrastoa utzi du egun horietan Arabako hiriburua bisitatzen duten gasteiztar eta kanpotar belaunaldi ugarirengan. Aztarna hori hainbat motatako dokumentuetan islatu da urteetan zehar.

Sancho el Sabio Vital Fundazioak, Euskal Herriaren historian zeharreko kultura adierazpenen memoria bibliografiko eta dokumentalaren kontserbatzaile eta hedatzaile den aldetik, eta, gainera, hurbiltasunagatik, loturagatik eta Vitoria-Gasteizen sakon errotuta egoteagatik, bere funtsetan herriko jaiei eta jaietako ekitaldi eta protagonistei buruzko dokumentazio ugari du.

DOKUJAI Sancho el Sabio Vital Fundazioa osatzen duten pertsona guztien talde-lana da. “Jai-giroa Vitoria-Gasteizera itzuli dela ospatzeko dugun modua da. Erakusketa apala da, kontzepzio formalean, dokumentuak modu errazean erakusten dira-eta, talde txikitan gozatzeko eta hautatu, deskribatu, kontserbatu eta aztertu dituzten pertsonek lagunduta”  nabarmendu du Jesús Zubiaga erakundeko zuzendariak, Gurutze Aranarekin eta Rafael Resinesekin batera, horiek baitira erakusketa prestatzen parte hartu duten teknikarietako bi.

Erakusketak jaiegun horiek errepasatzen ditu, Andre Maria Zuriaren ospakizunean jai-ohiturek urteetan zehar izandako garapena, bilakaera eta aldaketak islatzen dituzten kartelen, programen, liburuen, aldizkarien, liburuxken, eranskailuen, jai-ekitaldietarako sarreren, argazkien, egunkarien eta argitalpenen bidez.

XIX. mende amaierako esku-programak, blusen koadrilek azken urteetan argitaratutako aldizkari eta liburuxkak, eta 50., 60., 70., 80. eta 90. hamarkadetako argazkiak eta kartelak, besteak beste, Sancho el Sabio Vital Fundazioan jaiei buruz bildutako dokumentazioa ezagutzera eman nahi du erakusketak. Mota askotako dokumentuen aukeraketa bat dago ikusgai. Dokumentu horietan, garaiaren arabera jai-guneaz nola gozatzen zen berpiztu daiteke.

Jaia, erlijiotasuna, ikuskizunak, dibertsioa, errebindikazioa, koadrila, gazteria, gehiegikeria, eraldaketa… XX. mendean Vitoria-Gasteizen izandako jai-garaiak errepasatzean sortzen diren hitzak dira, besteak beste, frankismotik, trantsiziotik, demokraziatik, nazionalismotik eta feminismotik igarota.

DOKUJAIn jai-garai horietako aldizkako argitalpenak ere ikusgai daude: aldizkariak, hala nola Zeledon, Gasteiz; eguneroko prentsa; zezenketa-kartelak. Ikuspegi nostalgikoak, belaunaldien oroitzapenak eta pentsamoldeen aldaketak ikustea ahalbidetzen duen ibilbidea, jaiek eta haien espazioek ere jaso eta islatzen baitituzte.

Hainbat argazkilarik, hala nola Alberto Schommer Koch-ek, Pablo Cañasek, Peñak, Salinasek eta beste askok, Andre Maria Zuriaren jaiak erretratatu dituzte beren kameren objektiboen bitartez, eta hala jaso dituzte bai une gorenak eta adierazgarrienak, bai ohikoenak eta oharkabean gehien pasatzen direnak. Zeledonen jaitsiera, bai Espainia plazan, bai Andre Maria Zuriaren plazan eta haren ordezko gizakia, barrakak, abeltzaintza-azoka, pregoia, postuak, bigantxak eta parrandak… eta ondorioak. Hori guztia argazkietan islatu da. Argazki horietako batzuk jendaurrean jarri dira lehen aldiz erakusketa honetan, eta beste batzuk desagertutako argitalpenetan jaso ziren, hala nola Norte Express.

Sasoirako erakusketa aproposa da, 2023ko jaietatik gertu dagoelako, festa gelditzeko gai izan zen pandemia baten ondoren, eta jai-gabezia hori jasotzen duten narrazio-dokumentuak ere bildu dira erakusketan.

Erakusketa irailaren 30era arte egongo da zabalik Sancho el Sabio Vital Fundazioaren egoitzan (Betoñuko Atea 23, Vitoria-Gasteiz), 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera (abuztuaren 7tik 20ra izan ezik, egoitza itxita egongo baita).

Sarrera librea da eta taldeka bisita gidatua erreserbatu daiteke 945 253 932 telefonoaren bidez edo info@sanchoelsabio.eus helbide elektronikoaren bidez.