Sancho el Sabio Fundazioak ‘Notitia Vasconiae’ hiztegiaren liburuki berri bi aurkeztuko ditu

Sancho el Sabio Vital Fundazioan, ‘Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia’ hiztegiaren argitaratutako azken liburukiak aurkeztuko dira, ostegun honetan, 18:00etan, Betoñuko bere egoitzan. Laugarrena gaztelaniaz eta bigarrena euskaraz.

Ekitaldian Juan Madariaga Orbea eta Roldán Jimeno Aranguren egileek hartuko dute parte, baita Santiago De Pablo EHUko Historia Garaikideko katedradunak ere, bera baita Arabako historialari, legelari eta pentsalariei dagozkien hiztegiko sarrera ugariren egilea. Aurkezpena Jesús Zubiagak egingo du, Sancho el Sabio Vital Fundazioaren zuzendariak; izan ere, Fundazioaren funtsak kontsultatu dira argitalpenerako.

‘Notitia Vasconiae’ hiztegiak Euskal Herriko zazpi lurralde historikoetako lan historiografiko, juridiko edo pentsamendu politikodun egileak biltzen ditu. Bildumak lau liburuki ditu: Antzinaroa, Erdi Aroa eta Aro Modernoa (I), 1793-1876 (II), 1876-1936 (III) eta 1936-2022 (IV). Ostegunean aurkeztuko direnekin, gaztelerazko edizioa osatuta dago, eta euskarazko ediziotik lehenengo biak argitaratu dira.

Liburuki bakoitzaren egiturak honako hauek biltzen ditu: hautatutako pertsonaien biografiak, lurralde historikoka multzokatuta, non oinarrizko datu biografikoak zehazten diren, argitaratutako lanen analisi kritikoa, argitalpen horien zerrenda eta pertsonaiari buruzko oinarrizko bibliografia. Lurralde-bloke bakoitzak, gainera, sarrera historiko-historiografikoa du.

Lana osatzen duten 1.199 hitzak eta 58 sarrerak egiteko, Europa eta Amerikako 39 unibertsitatetako eta beste 66 hezkuntza- eta ikerketa-erakundetako 300 egileren laguntza izan da.

Lanak hiru edizio ditu paperean eta beste bat online, Iura Vasconiae Fundazioaren webgunean ikusgai: https://www.iuravasconiae.eus.

‘Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia’ 2016an Iura Vasconiae-tik sortutako proiektua da. Euskal Herriko Zuzenbide Historikoa eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa da Iura Vasconiae.

 

Egileak

 Roldán Jimeno Aranguren (Iruñea, 1973), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Historiako katedraduna da, eta gaur egun Unibertsitate horretako idazkari nagusia. Historian doktorea da Nafarroako Unibertsitatean, Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan doktorea EHUn eta Zuzenbidean doktorea Deustuko Unibertsitatean. Eusko Ikaskuntzaren Nazioarteko Aldizkariaren koordinatzailea (1999-2005) eta Notitia Vasconiae aldizkariko idazkari teknikoa (2002-2003) izan da. 2004 eta 2020 artean Iura Vasconiae, Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoko Aldizkariko idazkari teknikoa izan da. 2016tik Príncipe de Viana aldizkariko zuzendaria da. Gaur egun Iura Vasconiae Fundazioko presidentea da.

Juan Madariaga Orbea (Madril, 1949) Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle titularra da. Filosofia eta Letretan lizentziatua Konplutentsean eta Historian doktorea EHUn. UNEDeko Bergarako Ikastetxe Elkartuko irakasle (1976-2002) eta zuzendari (1990-1995) izan zen. Gaur egun Iura Vasconiae Fundazioko presidenteordea da.

 

Aurkezpena

‘Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia’ hiztegiaren liburukien aurkezpena otsailaren 29an, osteguna, izango da, 18:00etan, Sancho el Sabio Vital Fundazioaren egoitzan (Betoñuko Atea 23, Gasteiz). Sarrera librea izango da, aretoko edukiera bete arte.