This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.
1
Liburuak. Ondare-fondoa
1964an Fundazioak Antonio Odriozolaren liburutegia erosi zuen, eta horrela ekin zion bibliografia eta dokumentu-fondoa sortzeari; XVII.etik XX.era bitarteko monografiek osatzen dute liburutegi hori. Handik gutxira, XIX. eta XX. mendeetako lanak biltzen dituen Deogracias Estavilloren liburutegia erosi zuen Fundazioak.
Handik aurrera, fondoak beste hainbat erosketa eta dohaintza jaso ditu, eta, horri esker, Euskadiko dokumentu-fondorik aberats eta osoenetako bat lortu du, XV. mendeaz geroztiko milaka eskuizkribu eta inprimaki biltzen baititu; gainera, horiek guztiak digitalizatu dira, dokumentuen kontserbazioa bermatzeko eta kontsulta errazteko.
2
Liburuak. Egungo argitalpenak
XX. eta XXI. mendeei dagokien fondoa liburutegiko monografia guztien %80 baino gehiago da. Hainbat lan biltzen ditu, 98ko nobelagile handien lehen argitalpenetatik hasi eta 80ko hamarkadatik aurrera argitaletxeek izan zuten goreneko unera arte.
Historiak, aldaketa sozial eta politikoek, ideologiek, sinismenek eta pentsamenduak, filosofiak, zuzenbideak, gastronomiak, arteak, eskulturak, zineak, hedabideek eta abarrek ere beren tokia dute liburutegian. Hala, liburutegiak Euskadiko kulturaren erakusketa zabala eskaintzen du.
3
Hemeroteka
Euskal kulturaren aldizkari enblematikoek, hainbat enpresa eta instituzioren memoria ekonomikoek eta era askotako jarduerei buruzkoek, egungo prentsak eta prentsa historikoak, eta fanzine-bilduma original batek 10.000 titulu inguruko fondoa osatzen dute.
Artikuluak errazago bilatzeko, bi prozesu egiten dira: batetik, aldizkari nagusien hustuketa analitikoa, eta, bestetik, aurkibide eta testuen digitalizazioa, bibliografia-deskribapena eta irudiak uztartzen dituen proiektu batean. Gainera, eta beste erakunde batzuekiko lankidetza-proiektu baten barruan, Euskadiko egungo prentsa digitalizatzeari ekin zaio.
4
Artxibo eta fototeka
Atal hau 1993an sortu zen, eskuragaitzak ziren familia-artxiboak kontserbatzeko eta ikerketaren zerbitzuan jartzeko. Erosita edo familia jabeek aldi baterako utzita, XIII. mendetik XX. mendera bitarteko zenbait artxibotatik milaka dokumentu katalogatu eta digitalizatu dira, eta dokumentu horiekin datu-base bat sortu da.
Gasteizko Aurrezki Kutxa Munizipala zenaren, Arabako Aurrezki Kutxa Probintzialaren eta egungo Gasteiz eta Araba Kutxaren artxibo grafikoen gordailuak osatzen du argazki-fondoa. Fondo horrek Arabako gizarteak XIX. mende-amaieratik gaur egun arte izan duen bilakaeraren berri ematen digu, eta, hori ez ezik, berariazko hainbat ekintza eta jarduera biltzen ditu. Guztira, hirurogeita hamar mila ale baino gehiago biltzen ditu.
Gainera, XIX. mende-amaierako eta XX.aren hasierako beste zenbait artxibo historiko hartzen ditu barnean, era askotako gaiei -herri-arkitektura, errege-bisitaldiak, karlismoa, herri-lanak eta abar- buruzko 12.000 ale inguruk osatuak.
5
Beste atal batzuk
Guztiz katalogatutako mila mapa baino gehiagok osatzen dute kartografia-bilduma, hasi Errenazimentuko Abraham Ortelius geografo eta kartografoaren atlasetik eta XXI. mendeko formatu digitaleko mapetaraino.
Material Grafikoen atala osatzen duen fondoak hainbat gairi buruzko eta kronologia zabaleko milaka kartel biltzen ditu. Kartelik zaharrena XVIII. mende-amaierakoa da. 2001. urteaz geroztik, kartelen inbentarioa eta katalogazioa egiten da.
Dosierrak, liburuxkak, esku-paperak, jai-programak, pegatinak eta abar, gaien eta kronologiaren arabera ordenatuak. Guztiek ere azken hamarkadak aztertzeko garrantzi handia duen dokumentu multzoa osatzen dute.