Sancho el Sabio Fundazioak “Pegados a la fiesta” aurkeztu du

Sancho el Sabio Vital Fundazioak “Pegados a la fiesta” liburua aurkeztu du gaur, Vitoria-Gasteizko blusa eta nesken kuadrillek 1978 eta 2019 artean argitaratutako 500 pegatina inguru biltzen dituen argitalpena. Dokumentu hori baliagarria eta beharrezkoa da Arabako hiriburuko gizartearen, jaien eta historia hurbilaren bilakaera ezagutzeko. Egilea Rafael Resines Pradera da, Sancho el Sabio Vital Fundazioko artxibozaina.

Dokumentuak berreskuratzeko proiektu hau kuadrillaren armarria edo izena duten itsasgarrietan edo horietako batekoak direla argi ikusten den itsasgarrietan oinarritu da. Era berean, Blusen eta Zeledon Txikiren Batzordearenak ere sartu dira, Andre Maria Zuriaren jaietako zati intrintsekoa eta banaezina baitira. Fundazioaren beraren funts zabalaz gain, proiektua “eromen kolektibo” bihurtzeko, sare sozialen bidez dei publikoa egin zen nahi zuenak gordeta zituen pegatinak helaraz zitzan. Guztira 475 eranskailu bildu eta digitalizatu dira, eta beste 222 Sancho El Sabio Vital Fundazioan gorde dira kontserba daitezen.

Egilearen erronka handienetako bat izan da “dagoeneko desegin eta festetatik desagertu diren blusa eta nesken kuadrillen pegatinak bilatzea; izan ere, ale asko betiko galdu dira”. Liburu honen helburua da, halaber, kuadrillek berek eta Vitoria-Gasteizko herritar guztiek pegatinak dokumentu gisa hartzea, eta dokumentu hori balioetsi, gorde eta katalogatu egin behar da, hurrengo belaunaldien ezagutzarako eta gozamenerako. “Dokumentu horiek kontserbatzeko eta kontsultatzeko modukoak dira, sortu ziren garaia ezagutzeko; izan ere, horien bidez kuadrillen eta Vitoria-Gasteizko jaien bilakaera ikus daiteke”, gehitu du.

Aurkitu diren zaharrenak 1978 eta 1979 urteetakoak dira, eta Batasuna eta Jatorrak kuadrilletakoak dira, hurrenez hurren. Horietan, Trantsizioan zehar izan zuten errebindikazio izaera ikusten da, ondoren umorearen bidez hiriko botere politikoei kritika egiten joateko. Era berean, oso argi ikusten da emakumeak noiz sartu ziren kuadrilletan, eta hori mezu ez-sexista eta gero eta inklusiboagoetan islatzen joan zen.

Sancho el Sabio Vital Fundazioaren helburua da zenbait dokumentu txikiri buruzko kontzeptua aldaraztea, hala nola liburuxkak, panfletoak, aldizkariak, errezeta-orriak, fanzineak, sarrerak, gonbidapenak eta, jakina, eranskailuak, eta horiek kontserbatzen laguntzea.

Pegatinaren agerpena eta erabilera adierazpide gisa Trantsizioko lan-, politika- eta gizarte-aldarrikapenen babesean sortu zen. Haien erabilera errazak eta erresistentziak oso ondo erantzuten zieten informazioa azkar zabaltzeko premiei. Blusa eta nesken kuadrillek laster hartuko zuten beretzat eta jai-jardueratik banaezin bihurtu zen.

Hala eta guztiz ere, artxiboek ez dituzte eranskailuak merezi duten kategoriarekin tratatu, eta dokumentu txikitzat hartu dira, eta ez dira bildu, gorde eta zabaltzeko modukotzat jo. Izan ere, Vitoria-Gasteizen dauden artxiboetatik, Sancho El Sabio Vital Fundazioak baino ez du kalifikatzaile hori merezi duen bilduma duin bat (20.000 unitate), askotariko gaiak jorratzen dituzten itsasgarriez osatua, hala nola, politika, euskara, jaiak, gai sindikalak, elkarteak edo ekologia, besteak beste.

 

Liburuaren aurkezpena

Jendaurreko aurkezpena uztailaren 12an egingo da, 19:00etan, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua, Vitoria-Gasteiz). Egileak berak, Jesús Prieto Mendaza antropologoak eta Sancho el Sabio Vital Fundazioko zuzendari Jesús Zubiagak hartuko dute parte ekitaldian. Sarrera librea izango da.