Sancho el Sabio Vital Fundazioak GEU Gasteiz aldizkari historikoaren bilduma osoa digitalizatu du

Bihar, abenduak 3, ospatuko den Euskararen Egunaren baitan, Sancho el Sabio Vital Fundazioak euskal kulturaren kontserbazio eta dibulgazio lanarekin jarraitzen du. Aurten 60. urteurrena ospatzen ari da Erakundea eta lankidetza-hitzarmena sinatu du GEU Elkartearekin. Akordio horren bidez, GEU Gasteiz aldizkari ezagun eta historikoaren bilduma osoa digitalizatzeko eta kontserbatzeko eskubidea eskuratu du. Funts horrek argitalpenaren 202 aleak biltzen ditu, eta fundazioaren gordailu digital irekian sartuko da.

1992. urteaz geroztik, GEU elkartearen proiektu nagusietako bat izan zen GEU Gasteiz aldizkaria, eta 2009ko abenduan argitaratu zuen azken alea. Garai hartan Gasteizen eta Araban izandako gertaerei buruz euskaraz duen informazio baliotsua dela-eta, Sancho el Sabio Vital Fundazioak bilduma osoa digitalizatzea, Kontserbatzea eta ikertzaileen eskura jartzea erabaki du.

Sancho el Sabio Vital Fundazioaren Euskal Memoria Digitala gordailua “Vitoria-Gasteizi eta Arabari buruzko argitalpen irekien bilduma garrantzitsua sortzen ari da, eskuragarri ez dauden argitalpenak ezagutaraztea helburu”, nabarmendu dute erakundetik. 2024an hirurogei urte bete ditu Fundazioak, euskal kultura zabaltzen duen erakunde lanetan, eta, urte hauetan, “euskal kultura zabaltzeko eta aztertzeko ezinbestekoa den dokumentu-bilduma osatu dugu, gordailu digital zabala barne, funts dokumentalen digitalizazioak biltzen eta zabaltzen dituena, eta bertako dokumentazio digitala eskuratzeko aukera ematen duena”.

Bestalde, Vital Fundazioak ere harreman estua du GEU Elkartearekin, familietan euskara sustatzeko programak babesten baititu, edo beste hainbat ekimen, hala nola Kantari edo Euskaraldia.