‘Gerrako Bildumagileak’ Erakusketa

Erakusketa Sancho el Sabio Fundazioak egin du, Biasteriren Adiskide Elkarteak Espainiako gerra zibilari buruz bildutako objektuz eta dokumentuz osatua.

Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan, astelehenetik aurrera ikusgai, ‘Gerrako bildumagileak’ erakusketa jarriko du. Erakusketa Sancho el Sabio Fundazioak egin du, Biasteriren Adiskide Elkarteak Espainiako gerra zibilari buruz bildutako objektuz eta dokumentuz osatua. Urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik.

 Erakusketa hau 2017an hasitako prozesu baten ondorioa da, Sancho el Sabio Fundazioak Biasteriren Adiskide Elkartearen laguntzarekin erakusketa bat antolatu zuenean. Jarduera horrekin bat eginez, Guardiako Garcetas Etxean, elkarte horrek bildu eta kontserbatutako Gerra Zibileko funtsak ere izan ziren ikusgai. Erakunde politiko eta militarren, eguneroko bizimoduaren, prentsaren eta propagandaren dokumentazioz eta objektuz osatuta dagoen bilduma horren interesak bi erakundeen arteko hitzarmen bat egitera eraman zuen, materialen inbentarioa eta azterketa egiteko. Lan hori Gerra Zibilaren historiako adituek egin dute, eta Euskal Herriko Unibertsitateko kultura ondasunen kontserbazioan teknikariek ere esku hartu dute.

Prozesu horretan, funts osoa, dokumentuz dokumentu eta objektuz objektu inbentariatu eta identifikatu da. Kontserbatzeko prozedura antolatu eta ezarri du, eta lagin honetarako adierazgarritzat jo diren zenbait dokumentu eta objektu hautatu ditu. Jesus Zubiaga Sancho el Sabio Fundazioko zuzendariaren ustez: “Oroimen objektuen multzo errepikaezina da, gaur egun ere ulertzea zaila den garai baterako lotura da-eta”.

Hala, Gerra Zibila amaitu eta laurogei urtera, Guardiako tokiko elkarte baten bilduma pribatu batek hain sakon ikertutako gerraren alderdi ezezagunei buruzko informazioa ematea lortu du. Hura bizi izan zuen belaunaldia desagertu egin da jada, baina haren eraginak bizirik jarraitzen du egungo belaunaldietan.

 

Biasteriren Adiskide Elkartea

Biasteriren Adiskide Elkartea kulturarekiko eta bere herriarekiko sentiberatasun handia zuten bi lagunen adiskidetasunetik sortu zen: Carlos Saenz de Tejada, margolari eta ilustratzailea, eta Alvaro de Gortazar, Samaniego alegialariaren ondorengoa. Biak ala biak belaunaldiz belaunaldi kezka kulturala garatu ziten bi familiatan jaioak ziren, eta, gaztetatik, inguruetatik paseatzen ibiltzen ziren, desberdina edo bitxia gertatzen zitzaien edozein harri, sinbolo edo objektu antzemateko.

Espiritu geldiezin horrek bultzatuta, 1934an Biasteriren Adiskide Elkartea sortzea erabaki zuten, helburu honi jarriki: “hiribildu honen aurrerapen morala, kulturala eta materiala bultzatzeko, ongintza, higienea eta herriaren edertasuna sustatuz eta bertako tradizioak mantenduz, betiere hiribilduko administratzaileen laguntzaile eraginkorra izanik”.

Haien gogo biziari esker, Guardiako senideak eta bizilagunak bazkide egin zitezen konbentzitzea lortu zuten eta, horrela, era guztietako piezak erosi ahal izateko dirua izatea ez ezik, objektuak dohaintzan ematea ere lortu zuten; izan ere, haien lehendabiziko eginkizuna Guardiako Museoa sortzea izan zen, 1935ean. Bertan, hiribilduaren eta bere ingurunearen historiarekin zerikusia zuten era guztietako oroitzapenak, dokumentuak eta objektuak gordetzen joan ziren. Era berean, hasierako urte haietan, udaleko eta parrokiako artxiboak katalogatzen, liburutegi bat sortzen eta abarretan lagundu zuten.

1936ko uztailean Gerra Zibila piztu zen, eta, elkarteak inolako lotura politikorik ez duen arren, bi aldeetatik zetozen gatazkako idazkiak eta objektuak biltzen aritu ziren, gertatzen ari zenaren testigantza izan zitezkeela pentsatu baitzuten. 1995etik aurrera, bazkide talde batek lehenengo inbentario baten oinarria osatu zuen, eta orain bukatu da eguneratze-lan hori.

‘Gerrako bildumagileak’ Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan (Posta 13-15, Vitoria-Gasteiz) egongo da ikusgai, abenduaren 16tik urtarrilaren 9ra, astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera doan da.