“Vital Lorategia”

Sancho El Sabio Vital Fundazioak karbonorik gabeko ekintzetarako lehen azpiegitura berdea izango du gure hirian. Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) eta klima-aldaketa arintzearen eta horretara egokitzearen testuinguruan kokatutako ekimena da Vital Lorategia, helburu horiekin bat egin baitute Vital Fundazioek.

Azpiegitura berdea Sancho el Sabio Vital Fundazioaren Betoñuko lursailean egongo da, eta konpondu nahi diren ingurumen-inpaktuak izango ditu: ur-eskasia udako hilabeteetan, grafitiak horman eta inpaktu akustikoak errepidetik. Inpaktu horiek minimizatu egingo dira zuhaitzak landatuz, hartara, ‘bero-uharte’ efektua gutxituko baita, hezetasuna areagotu, azaleko jariatze-ura minimizatu eta biodibertsitatea erakarriko da ingurura. Ura eta landaretza sartzean, inguruneak atseginago bihurtzen dira, efektu biofilikoari esker.

Vital Lorategia karbono-hustubidea izango da, 25 pagoz, 25 lizarrez eta 40 urkiz osatua, eta 2019ko Vital Egunak eta 2020ko Gabonetako Merkatuak isuritako karbono-aztarna xurgatuko dute, hartara, karbonorik gabeko ekitaldiak lortuko dira. Ekitaldi bi horiek Erronka Garbia- Ingurumenaren aldetik Ekitaldi Jasangarria ziurtagiria izan zuten, eta ingurumen-inpaktuak bere sei ardatz bereizgarrietan kalkulatu ziren: mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak. Ekitaldiak burutu ondoren, horri lotutako karbono-aztarna kalkulatu zen, 100,08 t Co2, eta inpaktu hori arintzeko, Vital Fundazioek landaketa bat egitea erabaki dute, isurketa horiek 30 urtetan konpentsatzeko.

Helburu hori lortzeko, paisaian integratzeko tekniken bidez diseinatu da Vital Lorategia, jarduerak ingurunearekin harmonizatu daitezen.

Proiektuaren osagai sozialak Sancho el Sabio Vital Fundazioa nahiz IDarte, Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola biltzen ditu, lursaila biziberritzeko eta bertan jarduera berriak sortzeko. IDarteko ikasleek prestakuntza jaso dute proiektu bati ekiteko orduan paisajistek erabiltzen dituzten oinarriei buruz, eta aurtengo irailaren 26tik urriaren 26ra egin zen Betoñu Bizirik erakusketan hartu zuten parte. Lurzati horri beste erabilera batzuk emateko proposamenak aurkeztu zituzten. Erakusketaren ondoren, ideia irabazlea aukeratzeko lehiaketa bat egin zen. Aurreikusita dago proiektua ikasturte honetan zehar definitzea eta datorren ikasturtearen hasieran gauzatzea.

“Vital lorategia” Sancho el Sabio Vital Fundazioak Vitoria-Gasteiz hiriari egindako oparia da, European Green Capital izatetik 2030erako Karbonoan Hiri Neutro izatera igarotzean. Hiriari klima-aldaketara egokitzen eta jasangarriagoa eta berritzaileagoa izaten lagunduko dion azpiegitura berdea.