Sancho el Sabio Fundazioak 2020ko Ikerketarako Lehiaketa deitu du

Sancho el Sabio Fundazioak 2020ko Ikerketarako Lehiaketa deitu du, euskal gaiei buruzko ikerketa eta Fundazioaren beraren funtsen erabilera sustatzea helburu duen master eta doktoregoko unibertsitate-ikasleei zuzendutako hitzordua. Lanak urtarrilaren 31ra arte entregatu daitezke eta 1.000 euroko saria emango da.

 

Deialdi honek Sancho el Sabio Ikerketarako Unibertsitate Lehiaketan du jatorria, 1998tik etenik gabe egin dena. Master eta doktoregoko programetan matrikulatuta dauden unibertsitateko ikasleek hartu ahal izango dute parte. Euskal gaiei buruzko ikerketa-lan original eta argitaragabeak aurkeztu beharko dituzte; gai horien edozein arlo jorratuta (kultura, zientziak, historia, geografia, hizkuntza, literatura, artea, etab.), eta gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez edo ingelesez idatzita egon daitezke.

 

Ikerketa bultzatzeaz gain, Sancho el Sabio Fundazioaren funts dokumentalak, bibliografikoak, hemerografikoak edo beste edozein motatakoak erabil daitezela sustatu nahi da lehiaketa honen bidez; hortaz, parte hartzeko ezinbestekoa da funts horiek, partzialki behintzat, kontsultatu izana. Era berean, egilea ikasle duen ikastetxeko irakasle baten bermea izan beharko dute.

 

Lehiaketaren oinarriak interesdunen eskura daude Sancho el Sabio Fundazioan (Betoñuko Ataria, 23) edo www.sanchoelsabio.eus webgunean. Proiektuak egoitza horretan bertan entregatu beharko dira, eskura, postaz edo beste edozein bide erabiliz, ostirala den 2021eko urtarrilaren 31ko 13:30ak baino lehen. Epaimahaiaren erabakia otsailean jakinaraziko da eta 1.000 euroko saria emango da. Halaber, Fundazioaren aldizkarian argitaratuko da saritutako lana.

 

Sancho el Sabio Fundazioak, euskal kulturari buruzko dokumentazio-zentro garrantzitsuenetakoa den horrek, euskal herriaren memoria bibliografikoa eta dokumentala gordetzen du, bere historiaren eta aniztasun ideologikoaren bidez. Bere liburutegiak, 1964az geroztik, monografiak, aldizkako argitalpenak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak edo familia-dokumentazioa dituen funts dokumental baliotsua du, euskal kulturari buruzko ikerketarako derrigorrezko erreferente bihurtu duen ondare aberastasun garrantzitsua. Kontsulta egiteko, gainera, erabat informatizatuta dago.