‘Mendirik Mendi’ hitzaldia

Sancho el Sabio Vital Fundazioan izango da Aitor Miñambres Burdin Hesiaren Oroimenaren Berangoko Museoko zuzendariaren hitzaldia, datorren asteartean, otsailak 20, 18:00etan. Hitzaldia ‘Mendirik Mendi. Euzko Mendigoizale Batza’ erakusketaren ildotik dator. Erakusketa hori fundazioaren egoitzan izango da ikusgai, Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak antolatuta, Gerra Zibila eta diktaduraren errepresioa jasan zuten eta, kasu askotan, erbestera joan behar izan zuten talde horretako kide izan zirenen omenez.

Abertzaletasunaren sorreratik, euskal gazteria desagertzeko arriskuan zeuden nortasun-ezaugarriak berreskuratzen, besteak beste, euskara eta bertako kultura-adierazpenak berreskuratzen, saiatu zela kontatzeari emango dio bere hitzaldia Miñambresek.

Mendizaletasunaren bidez, gazte horietako askok Euskadiko txoko guztiak ezagutzeko eta sabindar ideala gailurrik garaienetara eta herrixkarik urrunenetara eramateko modurik egokiena aurkitu zuten. Horrela sortu ziren mendigoizale taldeak, Miñambresen hitzaldian hizpide izango diren “abertzaletasunak bultzatutako mendizaleak”.

Hurrengo hamarkadetan, mugimendua indartsu hedatu zen, Euzko Mendigoizale Batza izenpean euskal abertzaletasunaren zutabe sendoenetako bat izateraino. Horrela, Bigarren Errepublikan zehar bere jarduera mendizalea, kulturala eta politikoa etengabea izan zen, Gerra Zibilaren hasierarekin aldatu zen arte. Gerran, mendigoizaleak Euskadiko Armadako kide izan ziren, baita beren batailoiekin ere, eta matxinatutako militarren erasoari eutsi zioten, gaindituak izan baziren ere. Diktadura frankistan ere, mendigoizale izpiritua ezkutuan mantendu zen, eta handik urte batzuetara, beste molde batzuetan berpiztu zen.

Hitzaldi hau entzutera hurbiltzen direnek ‘Mendirik Mendi. Euzko Mendigoizale Batza’ erakusketa ikusteko aukera ere izango dute. 8 panelek osatzen dute erakusketa hori, eta testuak Miñambresek berak egin ditu. Horrez gain, objektuak, dokumentuak eta argitalpenak ere badaude ikusgai, baita Sancho el Sabio Vital Fundazioaren dokumentu-funts zabalak emandako dokumentazioa ere.

Hitzaldia 18:00etan izango da, Sancho el Sabio Vital Fundazioaren egoitzan, Betoñuko Atea 23an (Gasteiz). Sarrera librea izango da eta lekua bete arte izango da sartzeko aukera.