“Neutralidad en pie de guerra: El País Vasco y Navarra durante la Primera Guerra Mundial” liburuaren aurkezpena

Lehen Mundu Gerran Euskal Herriaren eta Nafarroaren neutraltasuna aztertzen duen liburua aurkeztuko du Sancho el Sabio Fundazioak

  • Alejandro Pulido historialari nafar gaztearen lana da, Fundazioak 2016ko ikerketa-lehiaketan saritu zuena  

“Neutralidad en pie de guerra: El País Vasco y Navarra durante la Primera Guerra Mundial’ liburua aurkeztuko du Sancho el Sabio Fundazioak ostiral honetan. Alejandro Pulido historialari gaztearen lana da, eta Lehen Mundu Gerrak ekarri zuen eraldaketa politiko eta sozial sakona aztertzen du 404 orrialdetan. Idazterakoan, egileak Estatuko eta nazioarteko hainbat artxibotako iturri argitaratu gabeak erabili ditu, Sancho el Sabio Fundazioaren funtsak barne.

Aurkezpena 19:00etan izango da Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea 5, Dendarabako 1. solairua, Vitoria-Gasteiz). Bertan izango dira liburuaren egilea, Alejandro Pulido Azpiroz, Leyre Arrieta, Deustuko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakaslea, Santiago De Pablo, UPV/EHUko Historia Garaikideko katedratikoa eta Jesus Zubiaga, Sancho el Sabio Fundazioko zuzendaria.

Alejandro Pulido Azpiroz (Iruñea, 1989) Historia Garaikidean doktorea da UPV/EHUn eta XX. mendeko euskal historiari eta Europako nazionalismoei buruzko ikerketak egin ditu. Hainbat artikuluren egilea da eta 2016an Sancho el Sabio Fundazioaren ikerketa-saria jaso zuen.

‘Neutralidad en pie de guerra: El País Vasco y Navarra durante la Primera Guerra Mundial’ lanean, gerrak herrialdeen arteko harremanak nola aldatu zituen aztertu du Pulidok, nola bizkortu zuen masa gizartearen garapena eta nola eragin zien nortasun nazionalei, baita lurralde neutraletakoei ere. Euskal Herrian, euskal karlistak eta nazionalistak aliadofiloen eta germanofiloen arteko lehian inplikatu ziren, eta, aldi berean, herritar askok Alfontso XIII.aren atzerri-politikan parte hartzen zuten edo lurraldean ugaritzen ari ziren espioien, propagandisten eta desertoreen sareak elikatzen zituzten. Aldi berean, euskal nazionalismoak autonomia-eskaera bat egin zuen, Europako nazionalitateen gorakadatik bereizi ezina, urte horietan haiekin harremanetan izan baitzen. Bestela esanda, “Lehen Mundu Gerra mugarria izan zen Euskal Herriaren eta Nafarroaren historian, bertako biztanleak gerrarako prest zeuden neutralak izan baitziren, mundua betiko aldatu zuen gatazka batek eraldatu zituenak”, dio egileak.