Kontzejuko Ganbera Liburuen. Gasteizko Udal Aktak (1481-1482) bildumaren laugarren liburukia aurkeztu da.

2026 Uztaila 27

Atzo aurkeztu zen Gasteizko Udalean Libros de Cámara del Concejo. Actas Municipales de Vitoria bildumaren laugarren liburukia. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) bultzatutako ikerketa-proiektua da, Gasteizko Udalaren eta Sancho el Sabio Vital Fundazioaren laguntzarekin garatzen dena. 

Argitalpen berriak 1481-1482 aldiko udal-aktak biltzen eta aztertzen ditu. Liburua hiriaren historiaren ezagutzarako dokumentu-iturri baliotsuenetako bat berreskuratu, ikertu eta zabaltzea helburu duen proiektu handiago baten parte da. Kontzejuko Ganbera Liburuek udal-agintariek hartutako erabakiak jasotzen dituzte, eta XV. mendearen amaierako Gasteizen errealitate politiko, sozial eta ekonomikora hurbiltzeko aukera ematen dute. 

Laugarren ale honek, 1481eko irailaren 30etik 1482ko San Migel egunera bitarteko udal-aktaren transkripzioaz gain, dokumentazioa testuinguruan kokatzen laguntzen duten hainbat ikerketa espezializatu biltzen ditu. Horien artean nabarmentzekoak dira Erdi Aroko Gasteizko judu-komunitateari eta komunitate horrek hiriko ondare artistikoan izan zuen presentziari buruzko lanak. Argitalpena José Ramón Díaz de Duranak koordinatutako diziplina anitzeko aditu-talde batek prestatu du. Talde horretan, besteak beste, Agurtzane Paz Moro, Lucía Lahoz eta Igor Santos Salazar ikertzaileek parte hartu dute. Lanaren helburua da dokumentu historiko hauek bai ikertzaileen komunitateari bai herritar guztiei hurbiltzea. 

Sancho el Sabio Vital Fundazioak hasieratik parte hartu du Arabako dokumentu-ondarea ikertu eta zabaltzeko proiektu honetan. Liburuen bertsio digitalak online kontsultatu ahal izango dira Fundazioaren liburutegi digitalean, Euskal Memoria Digitala plataformaren bidez.