Podcast 3. atala: “Familia-artxiboak”

Sancho el Sabio Fundazioak bere podcast-aren hirugarren atala kaleratu du, familia-artxiboei buruzkoa.

Lehen bi atalen ostean, gaur hirugarrena dator. Bertan, familia-artxiboen munduan barneratuko gara, gure historiaren zati bat idazteko erabiltzen den lehengaia. Sarreran, Isabel Mellén historialari eta ikertzaileak Lope Garcia de Salazarren historia kontatuko du, XIV. eta XV. mendeen artean Euskadi suntsitu zuten bandokideen gerren ahaide nagusia. Pertsonaia hori beti polemikan bildua eta oso bortitza izan zen, semearen preso eman zituen bere azken egunak, Muñatones dorretxean, eta han lan eskerga idazteari ekin zion, zeinetan munduaren historia eta bere garaikoa kontatu zituen. Kronika horri esker Euskal Herriko lehen historialareitakotzat hartzen da, baita historia kontatzeko iturri gisa familia handiei garrantzia eman zien lehenbizikotzat ere.

Horren atzetik, Ander Gondra historialariak Sancho el Sabio Fundazioaren funtsen artean murgildu da zaintzen dituen familia-artxiboetatik ateratako dokumenturik adierazgarrienak edo bitxienak ekartzeko. Gutunen eta auzien artean, odol-garbiari buruzko dokumentuak, genealogiak eta askotariko idazkiak agertzen dira, eta datu interesgarriak eskaintzen dituzte, haien protagonistak ezagutzeko ez ezik, haien garaiko iritziak eta usteak ezagutzeko ere.

Podcast-ak familia-artxiboei buruzko solasaldia eskainiko digu, Jose Ramon Diaz de Durana eta Jose Antonio Munita Loinaz ikertzaile emankorrekin. Ikertzaile horiek mendeetan zeharreko euskal familia handien historian, bandokideen gerretan eta nobleziaren munduari buruzko adituak dira. Horien eskutik, historialarien lanean murgilduko gara, aipatutako artxiboen bitartez, familia horiek euskal historian utzi duten aztarnan eta ikerketa-lan horrek eskaintzen dituen bitxikeria eta anekdotetan.

Jabi Soto laguntzaile eta argazkigintzan adituak, halaber, familiako argazki historikoak nolakoak diren eta gure iragana deszifratzeko zer nolako garrantzia duten erakutsiko digu, eta, amaitzeko, Rafa Resines, Sancho el Sabio Fundazioan erakunde horrek zaintzen dituen familia-artxiboak antolatzen lan egiten duen artearen historialariak bere lanaz, dokumentu hauen bidez egunero erabiltzen duen materialaz eta bere lanaren beste pasadizo batzuei buruz hitz egingo du.

Sancho el Sabioren podcast-aren atal guztiak podcast-erako plataforma nagusietan eta www.sanchoelsabio.eus webgunean daude eskuragarri.