Podcast 4. atala: “XVIII. eta XIX. mendeetako Euskal Herrian zehar bidaiatuz”

Sancho el Sabio Fundazioak bere podcast-aren laugarren atala kaleratuko du bihar. Oraingo honetan XVIII. eta XIX: mendeetako Euskal Herrian barrena eramango gaitu bidaian.

Podcast-aren lehen zatian, frantziar bidaiari mitiko baten urratsak jarraituz ekiten zaio ibilbideari, Aulnoyko kondesa, Euskal Herrian zehar egindako bidaia-esperientziak kontatzen dituen gutun sorta argitaratu zuen idazlea. Haren hitzei jarraituz, San Adriango pasabidea, Guevarako gaztelua eta XVII. mendearen amaierako Gasteiz zeharkatzen dira, gure lurraldeari buruzko bidaia-literaturaren lekukotasun liluragarrienetako bat.

Artxiboko altxorretan, Ander Gondrak Lehen Karlistaldian parte hartu zuten Britainiar Legio Laguntzaileko soldadu batzuek egindako Lehen Karlistaldiko ilustrazio belikoak ikustera gonbidatzen gaitu. Ilustrazio horiek Sancho el Sabio Fundazioan zaintzen dira. Marrazki-koadernoak dira, xehetasunez beteak, ezinbestekoak tropa horiek zeharkatu zituzten hiri-agertokiak, uniformeak, bertako emakume eta gizonen janzkerak ezagutzeko, baita Vitoria-Gasteizen eta Donostian egin zituzten egonaldietan soldadu horiek pairatu zuten gudaren zorroztasuna, gosea eta hotza ezagutzeko ere.

Ondoren, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi filosofoarekin izandako solasaldia Wilhelm Von Humboldt prusiar ilustratuak Euskal Herrian zehar herritarrak eta bertako hizkuntza aztertzeko egin zituen bidaia zientifikoen ingurukoa da. Euskarak eta euskaldunen ohiturek liluratuta, Euskal Herriko etnografiari, hizkuntzalaritzari, tradizioei eta historiari buruzko ikerketa osoak utzi zizkigun prusiar horrek, eta, gaur egun, euskal kulturara atzerriko ikertzaile baten lehenengo hurbilketetako bat dira.

Gainera, ikusten zutenaren lekukotza emateko argazkigintzako aparatu astunak aldean hartu eta bideetara jo zuten lehen argazkilarien munduan murgilduko gaitu Jabi Soto argazkilaritzaren historian adituak. Podcast-a amaitzeko, Jesus Zubiagak Sancho el Sabio Fundazioak dituen bidaia-liburuen oso bilduma zabalaz hitz egingo du eta bildumazaletasun pribatuarekin dituen harremanez ere bai.

Joan den urrian, Sancho el Sabio Fundazioak bere artxiboko funtsak eta jarduerak mundu birtualean zabaltzeko proposamen berri bat jarri zuen abian: Sancho el Sabioren Podcast-a. Gaur egungo egoerak eta COVID-19aren pandemiak bizitzaren esparru guztietara ekarri dituen mugek eragin dute erakundeak bere dibulgazio-eskaintza zabaltzea erabaki izana.

Sancho el Sabioren podcast-aren atal guztiak podcast-erako plataforma nagusietan eta Sancho el Sabio Fundazioaren webgunean daude eskuragarri.