“Salburua, un año en la vida de los humedales” liburuaren aurkezpena

Sancho el Sabio Vital Fundazioak ‘Salburua, un año en la vida de los humedales’ liburu ilustratua aurkeztuko du bihar, José Javier Frías ingurumen hezitzaile eta ilustratzaile naturalistaren lana. Argitalpenak landa-koaderno moduan aztertzen ditu Arabako hiriburuko Salburuako hezeguneetan ikusitako hegaztiak, eta egile gasteiztarrak urteko lau urtaroetan egindako bisita eta txango ornitologiko ugarien emaitza da. Aurkezpena bihar arratsaldeko 19:00etan izango da Fundazioaren egoitzan (Betoñuko Atea 23, Vitoria-Gasteiz) eta sarrera librea izango da.

Vitoria-Gasteizek faunaren biodibertsitate baliotsua du -hegaztiena batez ere-, eta Salburua balio ekologiko handiko parajea da, espezie migratzaile askoren geldialdi, babesleku eta negualdi-kuartela baita, eta beste hegazti askoren hazkuntza-ingurunea ere bai, sedentarioena zein udakoena. Testuinguru aparta horretan, José Javier Frías gasteiztarrak 164 akuarela-ilustraziotan islatu ditu berak 2013an bizitako behaketa pertsonalak; landa-eremuan aurkitu zituen espezieen benetako deskribapen eta apunteen bilduma.

Salburuako hezeguneen bizitzan, egutegi natural baten urte oso batetik egin du ibilbidea liburuak: anatidoen lo barea neguko tenperatura hotzetan, koartzatxo itzainen eta kaioen bandoak etzalekura joaten, edo zingira-mirotzen itxura zelataria. Era berean, murgil handiaren gorteatzea, paseriforme txikien janariaren bilaketa, lili horiaren loratzea, uretako hegaztien txitoen hazkuntza edo gure lurraldera udako hegaztien etorrera erakusten ditu. Oreinak urmaelean egiten dituzten sartu-irtenek eta horien marru-aldiak edo neguko klima-zurruntasunak iragartzen dituzten hegabera-saldoak agertzeak osatzen dute argitalpena.

Haurtzarotik naturazale amorratua eta Félix Rodríguez de la Fuente dibulgatzaile naturalistaren miresle sutsua, Espainiako Ornitologia Elkarteko (SEO/Bird life) kide da Frías eta Arabako eta Bizkaiko SEO-Betsaide tokiko taldeko idazkaria da. Ilustrazio zientifikoarekiko interes handia du, 2007tik egiten duen jarduera, landa-koadernoetan margotutako akuarelen bidez dokumentatzen du txango ornitologikoetan aurkitutakoa.

Sancho el Sabio Vital Fundazioko zuzendari Jesús Zubiagak aurkeztuko du argitalpena bihar 19:00etan erakundearen egoitzan, Arabako eta Bizkaiko SEO-Betside tokiko taldearen koordinatzaile Ana M. Montoyarekin eta egilearekin berarekin batera.