Sancho el Sabio Fundazioak berriz irekiko ditu bere aterak ekainaren 1etik aurrera, aldez aurretik hitzordua hartuta

Egoitzan kontsultak egitean, segurtasun- eta higiene-neurri guztiak beteko dira baita edukiera-neurriak ere.

COVID-19 pandemia geldiarazteko osasun agintariek emandako gomendioei jarraituz publikoari ateak itxi eta bi hilabetera, Sancho el Sabio Fundazioak bere egoitza irekiko du berriro. ‘Deseskalatze’ fasean sartuta, Fundazioak bere normaltasuna berreskuratuko du ekainaren 1etik aurrera, modu kontrolatuan eta mailaz maila.

Artxibo Historikoaren funtsa Sancho el Sabio Fundazioaren egoitzan bertan kontsultatu behar duten ikertzaileek aurretiko hitzordua eskatu beharko dute posta elektronikoz                                   fs-inv@sanchoelsabio.eus helbidean edo 945 253 932 telefonoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara. Eskaeran, kontsultatu nahi den dokumentu-funtsa edo gaia deskribatuko da, eta egoitzara sartzeko data bat emango zaie.

Kontsultatu daitekeen dokumentazioa aurrez ezarritako hitzorduetarako prestatuta egongo da, eta, ondoren, berrogeialdian geratuko da hamar egunez. Dokumentazioa aurrez aurre kontsultatzeko ezarritako segurtasun-irizpideei jarraituz. Sancho el Sabio Fundazioak, gainera, segurtasuna bermatuko du bere egoitzan, erabiltzen diren espazioak eta baliabide informatikoak desinfektatzeko bitartekoak eskura jarriz, pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantenduz eta kutsatzea saihesteko gomendatutako higiene pertsonalerako bitartekoak eskura jarriz.

Era berean, edukiera murriztu egingo da, gehienez ere sei pertsona aldi berean kontsulta-lanetan aritu daitezen. Pertsona horiek banakako kontsulta-kabinak izango dituzte, eta, horrela, pertsonen arteko segurtasun-distantzia bermatuko da.

Gainera, kontsultak www.sanchoelsabio.eus webgunearen bidez ere egin ahal izango dira. Webgune horrek liburutegiko, artxiboko eta fototekako dokumentu-funtsen katalogo guztietarako sarbidea ematen du, baita digitalizatutako funts guztietarakoa ere. Aukera horren bidez, funtsen 500.000 erreferentzia deskribatzaile baino gehiago kontsulta daitezke, katalogo orokorrean. Artxibo eta fototeka katalogo espezifikoak eta Biltegi Digitala www.euskalmemoriadigitala.eus webgunean egongo dira eskuragarri.