Sancho el Sabio Fundazioak Blas de Oteroren obrari buruzko lan bat saritu du 2022ko Unibertsitateko Ikerketa Lehiaketan

Sancho el Sabio Vital Fundazioaren Ikerketa Lehiaketako epaimahaiak aho batez erabaki du 2022ko deialdiko saria Francisco Contreras Armestori ematea, ‘La muerte de la escritura y el principio de la voz en“Poesía e Historia” de Blas de Otero’ lanagatik. Deialdia master eta doktoregoko unibertsitate-ikasleei zuzenduta zegoen, euskal gaiei buruzko ikerketa eta Sancho el Sabio Fundazioaren funtsen erabilera sustatzeko. Francisco Contrerasek 1.000 euroko saria jasoko du eta bere artikulua erakundearen aldizkarian argitaratuko da.

Epaimahaiak Francisco Contreras Armestok Blas de Oterori buruz egindako lana nabarmendu du, bere “maila akademiko eta ikertzaile handiko planteamenduagatik. Blas de Oteroren obraren eta bizi-inguruabarren ezagutza sakona erakutsi du. Idazketa zainduan ikerketarako heldutasun nabarmena du, eta prestakuntza-maila handia islatzen du”.

Francisco Contreras (Malaga, 1996) Filologia Hispanikoan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan egin zuen Literatura Konparatua eta Literatura Ikasketak masterra ere. Gaur egun doktore-tesia unibertsitate honetan bertan egiten ari da. Bere ikerketak XX. mendeko espainiar poesian ardaztu dira.

‘El fin de la escritura y el principio de la voz en “Poesía e Historia”, de Blas de Otero’ bere lanean Blas de Oteroren poesiara hurbilketa bat garatzen du poeta bilbotarrak inoiz argitaratu ez zuen poema-liburu baten bidez: Poesía e Historia [1960-1968]. Poema-liburu horretan Oterok duen diskurtso poetikoaren berezitasunak aztertu ditu bere ikerlanean, izan ere, poema bere idazkeratik banandu eta ahozkotasunean urtzen da, poesia bere bide naturalera itzuliz, eta hori adierazten duen subjektua bere idazkeran eraikitzen da, ondoren ezabatu eta herriak bere lekua har dezan utziz. Poema-liburua Blas de Oterok bere azken poemetan osoki garatuko zuen poesia irekiaren ikuspegi berri horren lehen adierazleetako bat da. Gaur egun, “Hojas de Madrid con La galerna” delakoan jasoak daude.

Sancho el Sabio Fundazioa euskal kulturari buruzko dokumentazio-zentro garrantzitsuenetako bat da, eta euskal herriaren memoria bibliografikoa eta dokumentala gordetzen ditu, bere historiaren zehar eta aniztasun ideologikoaren bitartez. Bere liburutegiak, 1964tik, dokumentu-funts baliotsua du, zeinetan monografiak, aldizkako argitalpenak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak edo familia-dokumentazioa aurki baitaitezke, ondare aberastasun garrantzitsua, euskal kulturaren ikerketarako nahitaezko erreferente bihurtu duena.