Sancho el Sabio Fundazioak hauteskundeei buruzko dokumentazioa gordetzen du 70eko hamarkadatik

Sancho el Sabio Vital Fundazioak, euskal kulturari buruzko dokumentazio-zentro garrantzitsuenetako batek, gai eta edukiera askotariko dokumentu-funts baliotsua gordetzen du. Biltzen eta gordetzen dituen dokumentu-bildumen artean, egun hauetako gaurkotasunetik oso hurbil dagoen gai bat dago: hauteskunde-prozesuetako dokumentazioa.

Joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieratik, Sancho el Sabio Fundazioak hauteskunde-prozesu guztietako dokumentuak bildu ditu: kartelak, liburuxkak, programak, eranskailuak, hauteskunde-txartelak eta askotariko propaganda-objektuak. Zalantzarik gabe, interes historiko handiko dokumentu-funtsa da, eta grafikoki islatzen ditu gizarte-aldaketak, gai interesgarriak, arazoak, proposamenak eta hauteskunde bakoitzean parte hartu duten hautagaiak.

Hauteskunde-prozesuen berrogeita hamar urte inguru dira, eta alderdi politikoen nahiz gizarte-mugimenduen hauteskunde-propaganda izateko sortutako dokumentuetan azter daitezke. Hauteskundeetako ikonografian izandako aldaketak grafikoki islatzen dituzten dokumentuak dira eta alderdi politikoek hautesleak mobilizatzeko proposatzen zuten ideologia eta gaia aztertzeko aukera ematen dute.

XX. mendearen amaiera arteko hauteskunde-prozesuetan paperezko dokumentazioa da nagusi. Hiriak hauteskunde-propagandaz betetzen ziren. Hedapen-funtzioa betetzeko sortutako dokumentuak dira, ez ziren artxibatzeko edo gordetzeko pentsatuak. “Eginkizun hori bada, ordea, Sancho el Sabio Vital Fundazioaren helburua, dokumentu horiek biltzean: hauteskunde-propagandaren hasierako funtzioa errespetatzea eta dokumentatzea, baina artxibo historiko gisa gordetzea planteatzen dugu, gure kulturaren ondare dokumentalaren zati baitira”, azaldu dute erakundetik.

XXI. mendean, Internet orokortzeak erabateko aldaketa ekarri zuen hauteskunde-kanpainak planteatzeko moduetan. Paperezko euskarria jada ez da nagusi izango hauteskunde-propagandan. Sare sozialak, webguneak, blogak eta gainerako argitalpen digitalak dira alderdi politikoen eta haien hautagaitzen programak, leloak, irudiak eta proposamenak hedatzeko bide berriak. Digitalki sortutako dokumentuak, tresna digitalekin ere bil daitezkeenak; Sancho el Sabio Vital Fundazioak dokumentazio digital hori biltzeko erabiltzen dituen tresnak, helburu berarekin eta paperezko dokumentazioaren bilduma bererako.

Ondare digital hori ere kontserbatzeko, 2019az geroztik, Sancho el Sabio Vital Fundazioak Liburutegi Nazionalaren Web Artxiboaren proiektuarekin lankidetzan dihardu, pantaila-argazki eta biltegiratze-teknikak erabiliz, hauteskunde-kanpainei dagozkien webguneak, blogak, sare sozialak, komunikabideak eta lineako beste baliabide batzuk biltzeko eta gordetzeko.

Sacho el Sabio Vital Fundazioak ondare digitalaren zaintzan parte hartzen du deitu diren hauteskunde prozesuetan: 2019ko udal eta foru hauteskundeak, 2019ko hauteskunde orokorrak, EAEko 2020ko hauteskunde autonomikoak, joan den maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak eta orain uztailaren 23ko hauteskunde orokorrak. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeekin lotutako 1000 webgune baino gehiago gorde dira, horietatik 300 inguru azken prozesuetan eta astero edo egunero gordetzen dira.

Bilduma digitalak alderdi politikoen, hauteskunde-erakundeen, komunikabideen eta hauteskunde-prozesuan garrantzitsuak diren beste eragile batzuen webguneak bildu eta gordetzen ditu, programekin, diskurtsoekin, eztabaidekin, elkarrizketekin, zundaketekin, politikari buruzko blogekin, Twitterreko profilekin eta abarrekin lotutako informazioa bilduz, eta aro digitaleko hauteskunde-gertakarien ikuspegi osoa eskainiz.

Jasotzen diren eduki asko bereziki iragankorrak dira, eta hauteskunde-prozesuak igaro ondoren desagertu egingo dira. Horregatik da hain garrantzitsua gordetzea; izan ere, dokumentu digital garrantzitsu guztiak jasotzen dira, batzuetan egunero ere.

Liburutegi Nazionalaren Web Artxiboa ezaguna da herritarren artean, bildutako edukietako bat hedatzen diren memeak baitira. Jatorri eta kontsumo digitaleko dokumentazioaren adibide dira, Interneterako pentsatuta daudenak eta Interneterako pentsatutako tresnen bitartez gorde behar direnak.

Eduki horiek datu-base oso zabala sortzen ari dira. Oraingoz biltzea eta gordetzea dira nagusi. Baina kontsultatzea, orain Liburutegi Nazionalaren webgunera mugatua, laster zabalduko da partaide diren erakundeetara.

Liburutegi Nazionalaren Web Artxiboan Estatuko domeinu digitalen eduki digital garrantzitsu guztiak biltzen dira, domeinu digital autonomikoak barne. Sancho el Sabio Vital Fundazioak euskal eremuarekin eta kulturarekin lotutako domeinuak biltzen ditu proiektu honetarako. Eta horien artean, egun hauetan, dedikazio berezia eskaintzen zaie hauteskunde prozesuei.