Sancho el Sabio Fundazioak “Liburuak eta beste aitzakiak” aurkezten du, Xabier Egaña artistaren lana

Sancho El Sabio Vital Fundazioaren Betoñuko Ateko egoitzak aparteko erakustoki berezi bat eskaintzen du Xabier Egañaren (Areeta, 1943) hogeita hamabost obra hauek erakusteko. ‘Liburuak’ aitzakia gisa erabiltzea da erakusketaren ardatza.

Hainbat pieza hibrido dira, 2009tik 2014ra bitarte Egañak pintura, eskultura eta collagea konbinatuz eginak Antezana-Andetxako elizan egin zuen Bizitzarako pinturak obra muralista zoragarriaren bozetoen (2010-12) eta gauzatzearen (2013-2017) garaian.

Liburuak hor egon dira beti, Xabier Egañari une oro lagunduz bere bizitzaren ibilbidean, eta estimulu eta emozioen, aurkikuntza eta frustrazioen iturri agortezina izan dira harentzat. Ahaztutako apaletan metatutako liburuak dira, dagoeneko edukirik ez dutenak, eta artistak aitzakia moduan erabiltzen ditu bere esperimentazio kontzeptual eta espresiboan aurrera egiteko, bere kezka, nostalgia eta bizipenik pertsonalenak ahalegin horretan jarrita.

Erakusketaren komisarioa eta Egañaren obran aditua den Juan Ayestaren hitzetan, “Liburuak aitzakia gisa erabiliz egindako obra horiek, egileak Hondarrak deitu zion pieza sorta zabalago baten parte dira, eta lan horretan garatu zuen Egañak bere alderdirik konplexuena, muntaiak, aurkitutako materialak, pinturak, marrazkiak eta eskulturak erabiliz. Antezanako elizako hormei buruzko gogoeta hasi zuen garai berean hasi zituen. Eta hori bitxia da, Antezanan egindako lana eta erakusketa honetako obrak erkatzen dituen edonork ez lukeelako pentsatuko egile berarenak direnik, eta are gutxiago aldi berean egin zituenik. Ez dute inolako zerikusirik, ez erabilitako gai eta motiboetan, ezta estiloari, teknikari, materialei eta abarri dagokienez ere. Xabier Egañaren aberastasun eta aniztasun plastiko benetan zoragarriaren erakusgarri da hori guztia. Eta Gasteizen ikusteko modua izatea egundoko aukera da guztiontzat”.

Lehen aldiz, egilearen aparteko liburu errepikaezin batzuek osatuko dute erakusketa, eta aipatzekoa da artistak bere ibilbide artistiko eta pertsonal luzean argitaratutako ehun liburu baino gehiagoren artean hautatutako liburuak direla.

Erakusketa honen obra gehienek asmo kontzeptual bat dute, eta horren barruan artistak esanahi ugari garatzen ditu artearen hizkuntza unibertsala erabiliz, obra horietan, aurkakotasunak areagotzen dituzten erlazioak eskainiz: arina-astuna/ hauskorra-sendoa/ adimena-materia / existitzea-desagertzea.

Liburuak eta beste aitzakia batzuk ‘erakusketa Sancho el Sabio Vital Fundazioaren egoitzan egongo da ikusgai (Betoñuko Atea 23, Vitoria-Gasteiz) urtarrilaren 13ra arte, ohiko ordutegian: astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara eta ostiraletan 8: 30etik 14:30era. Sarrera doan da.