Sancho el Sabio Fundazioak Unibertsitate Lehiaketa 2017 sarien epaitza eman du

Vital Fundazioaren Sancho el Sabio Fundazioak euskal kulturari buruzko ikerketa sustatzeko Unibertsitate Lehiaketa 2017 sarien epaitza eman du. Edizio honetako sarituak Isabel Mellén eta Koldobika Sáenz del Castillo dira, Estibalizko Santutegia eraiki baino lehenagoko garaiari buruzko lanagatik lehena eta Antzinate Berantiarreko Euskal Herriaren kristautzeari buruzkoa bigarrena.

Isabel Mellén-en ikerketak ‘Luces en la sombra: los primeros siglos de Estíbaliz a través de sus documentos (siglos X-XII)’ du izenburu. Estibalizko Santutegia eraiki baino lehenagoko garai ilunari buruz gaur egun arte iritsi diren dokumentu apurrak aztertzeko ahalegina egin du lan horretan. Hala ere, hondakin idatzi horiek itxura batean ematen duten informazioa eskasa bada ere, X. eta XI. mendeko politika arabarrean Estibalizko muinoa ezinbesteko pieza estrategiko izan zela dioen ikuspegia eratu ahal izan du egileak. Eremu hartan, Bizkaiko Jaunen senitarteko zenbait kideri egokitu zitzaien edukitza bat izan zen, eta gainera, dokumentuei esker, Mellén-ek ziurtatzen du XII. mendearen erdialdera eraiki zena baino lehen beste eliza bat zegoela erator daitekeela. Lurralde historikoko leku enblematikoenetako baten hasiera historikoei buruz zegoen ezagutzan sakontzea ahalbidetu du azterketa horrek eta, aldi berean, historiografiak Estibalizi buruz, ia bere sorreratik, zekartzan akats kronologiko eta interpretazioko batzuk zehaztea ere ahalbidetu du.

Koldobika Sáenz del Castillok, bere aldetik, Antzinate Berantiarrean Euskal Herrian gertatu zen kristautze prozesuari buruzko informazioa eman dezaketen aurkikuntza arkeologikoen laburpena egin du. IV. mendetik aurrera gai, ikonografia eta sinbologia paganoa ia desagertu egin zirenez, izaera kristauko aurkikuntza arkeologikoak ernatu ziren. Indusketa lan sistematikoak orain urte batzuk zegoena baino panorama argiagoa azaleratzen ari dira. Duela hamarkada batzuk datu isolatu eta loturarik gabekoak baino ematen ez zituen isiltasun arkeologikotik, Sáenz del Castillok ziurtasunez dio ‘La cristianización del País Vasco durante la Antigüedad tardía’ bere lanean, mapa bat konfiguratu ahal izatera igaro dela, zeinetan, Vasconiak, hondakin materialen arabera, hilobiratze sinbologia eta formula berri bereziak dituen, eta horrek pentsarazten digu orduko lagunak mundu erlijioso nahiko kristautuan mugitzen zirela jadanik. Hartara, azken hamarkadetan agertu diren erregistro berrien argitan, oraindik amaitu gabe dagoen erlijio kristauak eremu geografiko horretan izan zuen garapenari eta finkatzeari buruzko eztabaidaren ikerketak lagundu nahi du.

Lehiaketa honetako irabazleak direnez, Isabel Mellének eta Koldobika Sáenz del Castillok 500na euroko saria jasoko dute dirutan eta euren lanak Sancho el Sabio aldizkarian argitaratuko dira.

Sancho el Sabio Fundazioak, euskal kulturari dagokionez dokumentazio zentro garrantzitsuenetako bat den horrek, Euskal Herriaren oroitzapen bibliografikoa eta dokumentala gordetzen ditu, bere historia eta aniztasun ideologikoaren bitartez. Bere liburutegiak fondo dokumental baliotsua du 1964tik aurrera eta monografiak, aldizkako argitalpenak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak edo familia-dokumentazioa aurki daitezke bertan, ondare aberastasun garrantzitsua, zeinak ezinbesteko erreferente bilakatu duen Fundazioa euskal kulturari buruzko ikerketarako (www.memoriadigitalvasca.es).