Sancho el Sabio Fundazioak Unibertsitate Lehiaketa 2018 sarien epaitza eman du

Vital Fundazioaren Sancho el Sabio Fundazioak euskal kulturari buruzko ikerketa sustatzeko Unibertsitate Lehiaketa 2018 sarien epaitza eman du. Edizio honetako sarituak Ana Casas eta Yolanda López de Heredia dira, Fernando Arambururen ‘Patria’  lanean gertaera historikoaren fikzio-trataerari buruzko lanagatik lehena; eta Carlos Sáenz de Tejadak Heraclio Fournieren fabrikarako egin zuen pintura muralaren gaineko ikerketa lanagatik bigarrena.

Deialdi honek Sancho el Sabio Ikerketarako Unibertsitate Lehiaketan du jatorria, 1998tik etengabe egin den ekimenean, hain zuzen ere. Master eta Doktorego programetan izena emanda duten unibertsitate ikasle guztiek izan dute parte hartzeko aukera. Ikerketa lanek originalak izan behar zuten eta argitaratu gabeak, baita euskal gaiei buruzkoak, edozein arlotan edo alderditan (kultura, zientziak, historia, geografia, hizkuntza, literatura, artea, eta abar). Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez egin zitezkeen.

Unibertsitarioen artean ikerketa sustatzeaz gain, lehiaketa horrek Sancho el Sabio Fundazioaren dokumentu-fondoen, fondo bibliografikoen, hemerografikoen edo beste edozein motatako fondoen erabilera sustatzea du helburu. Horregatik, parte hartzeko ezinbesteko eskakizuna da fondo horiek erabili izana, partzialki besterik ez bada ere. Era berean, proposatutako lanek egilea ikasle dabilen zentroko ikasle baten bermea behar zuten.

Saritu den ikerketetako bat Ana Casasena da eta ‘Tratamiento ficcional de un suceso histórico: el caso de Patria, de Fernando Aramburu’ du izenburu. Lan horretan, nobela horrek zenbait gertaera historiko, ETAren terrorismoaren “berun urteak” deritzenak, hartu eta, literatura-produktu autonomoa lortzeko, nola ezarri dien zenbait fikzio-trataera aztertu du. Casasek nobelaren asmo totalizatzailea azpimarratu du, biktimen, terroristen nahiz biolentziaren lekukoen bizi-esperientziak kontatu baititu, eta gainera epealdi historiko zabalaz ari da. Era berean,  nobelaren hunkiberatasuna eta sentimenduzko zama sustatzen duen kode sinboliko baten konfigurazioa nabarmendu du, eta bere iritziz, estilo eta teknika literarioak ulergarritasunaren mende daude, historiaren trataerari dagokionez. Bere hitzetan, “hori guztia amaiera hunkigarriaren zerbitzura dago, non nobelari titulua ematen dion Patria letra larriz, terrorismoak eragindako apurketa gainditzera bideratzen den, protagonista bien arteko besarkada sinbolikoaren bitartez”.

Filologia Hispanikoan eta Kazetaritzan graduatua Nafarroako Unibertsitatean, Ana Casas Teoria Literario arloko doktorego bat egiten ari da gaur egun. Bere interes-gune nagusia XXI. mendean idatzi den Gerra Zibilari buruzko narratibaren azterketa teorikoa da, zehatz-mehatz fikzioa eta egia historikoaren arteko interrelazioa.

Yolanda López de Heredia, bere aldetik, ‘La pintura mural de Carlos Sáenz de Tejada para la fábrica de Heraclio Fournier’ bere artikulua dela-eta izan da saritua. Artikulu horretan moda diseinatzaile eta imajineria frankistaren irudigile izateagatik ezaguna den artista baten lana aztertu du, nahiz eta artista hori, agian, ez den hain ezaguna mural-pintore bere lanagatik. Artikulugilearen iritziz, 1952an pintatu eta 1994an Ciudad de Vitoria hotelera lekuz aldatu zen murru horretan, “politikatik urrun zegoen unibertso bat islatu zuen egileak, non karten fabrikazioa erakutsi zuen, zertzelada legendarioz, abentura-oihartzuna zuen bere ekialdeko jatorriaren interpretazioarekin batera, eta eguneroko gabezietatik ihes egiteko espazioa sortu zuen”.

Yolanda López de Heredia Artearen Historian graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Vitoria-Gasteizko Irudi eta Teknologia Berrien Zentroan egin du formakuntza, eta Argiarte hezkuntza-proiektuan hartzen du parte. Une honetan, Artea eta Gerraosteari buruzko doktoregoa prestatzen ari da UPV-EHUko Historia Garaikideko sailean.

Lehiaketa honetako irabazleak direnez, Ana Casasek eta Yolanda López de Herediak 500na euroko saria jasoko dute dirutan, eta euren lanak Sancho el Sabio aldizkarian argitaratuko dira.

Sancho el Sabio Fundazioak, euskal kulturari dagokionez dokumentazio zentro garrantzitsuenetako bat den horrek, Euskal Herriaren oroitzapen bibliografikoa eta dokumentala gordetzen ditu, bere historia eta aniztasun ideologikoaren bitartez. Bere liburutegiak fondo dokumental baliotsua du 1964tik aurrera eta monografiak, aldizkako argitalpenak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak edo familia-dokumentazioa aurki daitezke bertan, ondare aberastasun garrantzitsua, zeinak ezinbesteko erreferente bilakatu duen Fundazioa euskal kulturari buruzko ikerketarako (www.memoriadigitalvasca.es).