Sancho el Sabio Vital Fundazioak Jesus Guridiren dokumentu-artxibo musikala jaso du

Jesus Guridi gasteiztar konpositore ospetsuaren familiak haren familia- eta lanbide-bizitzari buruz hain ezagunak ez diren alderdiak azaltzen dituen material ugari eman dio Sancho el Sabio Vital Fundazioari.

Jesus Guridi Bidaola (Vitoria-Gasteiz, 1886 – Madril, 1961) Florida kaleko 36. zenbakian jaio zen eta genero guztietako musika obra zabala utzi zuen: instrumentala, korala, opera, zarzuela, kamera eta organoko musika, etab., tartean ‘Mirentxu’, ‘Amaya’ eta ‘El Caserío’ bezalako lanak, baina baita horren ezagunak ez diren baina kalitate berekoak diren beste hainbat ere, musikaz, oro har, eta euskal musika tradizionalaz, zehazki, zuen ezagutza oparoa agerian utzita. Vitoria-Gasteizek etengabeko aitortza eta oroitzapena eskaini izan dio konpositoreari. Halaxe erakusten dute 1986an haren jaiotzaren mendeurrenaren harira egindako ospakizunak, kale batek haren izena izateak edo gure hiriko goi mailako musika heziketarako erakundea den Jesus Guridi Kontserbatorioaren izenak.

Haren musika-ondarea hainbat erakundetan banatuta dago: Eresbil, Liburutegi Nazionala, Madrilgo Goi Mailako Musika Errege Kontserbatorioa, Autoreen Elkarte Nagusia, Fonoteka Nazionala. Era berean, Sancho el Sabio Vital Fundazioak konpositorearen erreferentzia ugari bildu izan du urteetan zehar, bai partitura musikalen egile gisa, bai omenaldiekin, biografiekin edo teoria musikalarekin lotutako obra eta azterlanen egile gisa. Bere artxiboetan, gainera, hainbat euskarritako musika-grabazioak daude.

Haren semeetako batek, Javier Guridik, Donostiako bere etxean gordetzen du familiaren dokumentazioaren zati bat. Horrek duen interesaz jabetuta, eta artxibo eta erakunde publikoetan dagoen informazioaren osagarri gisa, erabaki du Vitoria-Gasteiz izatea, alegia jaio zen hiria, horren azken helmuga, eta Sancho el Sabio Vital Fundazioa erakundea aukeratu du hori kontserbatzeko eta zabaltzeko.

Guridi Lana familiak Jesus Guridiri buruz emandako dokumentazioan honako hauek biltzen dira: gutunak, familiako eta lanbideko argazkiak, partiturak, agendak, liburuxkak, postalak… haren familia- eta lanbide-bizitzari buruz hain ezagunak ez diren alderdiak erakusten dituztelarik. Sancho el Sabio Vital Fundazioak katalogo inbentario bat egin du dagoeneko: deskribatutako eta digitalizatutako 254 erreferentzia, horren webgunean kontsultatu ahal izango direnak: www.sanchoelsabio.eus.

Sancho el Sabio Vital Fundazioak artxibo pertsonalak eta familiarrak berreskuratzeko duen proiektuaren parte izango da Jesus Guridi funtsa. Proiektu horrek Vitoria-Gasteizen inguruko kulturaren alderdiak ezagutzeko jakin-min handia sortzen duten baina eskuratzen zailak diren dokumentu-funtsak bildu, deskribatu eta zabaltzea du helburu.

Sancho el Sabio Fundazioa euskal kulturari buruzko Dokumentazio Zentro garrantzitsuenetakoa da, eta euskal herriaren memoria bibliografiko eta dokumentala gordetzen du, haren historiaren eta pluraltasun ideologikoaren bitartez. 1964tik, liburutegiak funts dokumental baliotsua hartzen du barne; bertan, monografiak, aldizkariak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak nahiz familia-agiriak aurki daitezke. Ondare aberats nabarmena da eta, hari esker, nahitaezko erreferentea bihurtu da euskal kulturaren gaineko ikerketarako. Horren kontsulta, gainera, erabat informatizatuta dago.