Sancho el Sabioren Podcast

Sancho el Sabio Fundazioak podcast bat atera du bere dokumentu-artxibo aberatsaren funtsak eta bere jarduera guztiak zabaltzeko. Hilero egingo da eta lehenengo atala Isabel Mellen historialariak zuzendu eta aurkeztuko du eta euskal ikurren gai zabalari helduko dio.

 

Sancho el Sabio Fundazioak, beti bezala, ikerketarako irekita jarraitzen du. Euskal kulturari dagokionez, dokumentazio-zentro garrantzitsuenetako bat da, eta bere dokumentu-funtsa aurrez aurre kontsultatzeko aukera ematen du, aldez aurretik hitzordua eskatuta edo birtualki, www.sanchoelsabio.eus webgunearen bidez. Hala ere, gaur egungo egoeran eta COVID-19aren pandemiak bizitzako esparru guztietara ekarri dituen mugak direla-eta, duen dibulgazio-eskaintza zabaltzea erabaki du. Horretarako, Sancho el Sabioren Podcast delakoa sortu du, bere artxiboko funtsak eta jarduerak mundu birtualean zabaltzeko proposamen berria.

 

Podcast-ak multimedia-fitxategiak dira, normalean audiokoak, eta erabiltzaileak gailu batean deskargatu eta entzun ditzake, jatorrizko hedapenaren ondoren. Bere abantaila nagusia ekipo eta gailu eramangarri guztiekin bateragarri izatea da, batez ere telefono mugikorrekin, horregatik da erabilgarria.

 

Sancho el Sabioren Podcast-a hilero egingo da, Fundazioan garatzen diren ikerketa nagusiak ezagutzeko, bere funts eta ekimenei esker. Lehenengo atala Isabel Mellen historialari eta ikertzaileak zuzendu eta aurkeztuko du, eta Ander Gondra historialaria ere izango du aurkezle kide. Jabi Soto Artearen historialari eta argazki-funtsen adituaren laguntza berezia izango du. Bertan, gure kulturari kohesioa eta nortasuna emateko balio duten euskal ikurren gai zabalari helduko zaio. Ordu eta erdiko saioan, besteak beste, lauburuaren historia, euskal rock erradikala eta gerra karlistak izango dira hizpide.

 

Horrez gain, Santiago de Pablo eta Virginia Lopez de Maturana euskal sinbologiako adituekin solasaldia izango da, eta Sancho el Sabio Fundazioaren historiari eta etorkizunari buruz hizt egingo da Jesus Zubiaga fundazioaren zuzendariarekin.

 

Bai lehen atal hau, bai hurrengoak, podcast-erako plataforma nagusietan (Ivoox edo Spotify) eta Sancho el Sabio Fundazioaren webgunean (www.sanchoelsabio.eus) egongo dira eskuragarri.