“Vidas cruzadas: Prieto y Aguirre. Los padres fundadores de Euskadi”, José Luis de la Granjak eta Luis Sala Gonzálezek egina

Sancho el Sabio Fundazioak antolatu du aurkezpen-ekitaldia

Vital Fundazioaren Luis de Ajuria Aretoan egingo da, ostegunean, ‘Vidas cruzadas: Prieto y Aguirre. Los padres fundadores de Euskadi’ lanaren aurkezpena, José Luis de la Granja eta Luis Sala González UPV/EHUko historialarien liburua. Lan horretan Euskadiko historiako lider eztabaidaezin biren ibilbide politikoa aztertu dute.

 

Egileek Euskal Herriko buruzagi bien eta irudikatu zituzten kultura politikoen azterketa konparatua burutu dute liburuan: euskal nazionalismoa, Agirre lider karismatikoa izan zuena, eta euskal eta espainiar sozialismoa, adierazgarri gorenetako bat Prieto izan zuena. Bien biografia politikoak alderatzeko ariketa eginda, 1931n Bigarren Errepublika ezarri zenetik euren bizitzen amaierara arte jarraituta, eta garaiko dokumentu garrantzitsuak eta euren posta-truke joria argitaratuta, liburuan islatuta geratu den ikerketa lan handia egin dute historialari biek.

Indalecio Prieto (1883-1962) eta Jose Antonio Agirre (1904-1960), hurrenez hurren, euskal sozialismoaren eta nazionalismoaren lider nagusi biak izateaz gain, XX. mendeko Euskadiko politiko esanguratsuenak ere izan ziren eta autogobernua lor zedin laguntza erabakigarria eman zuten. Euren bizitzak etengabe gurutzatu ziren hiru hamarkadatan zehar: 1931ko apirilaren 14an Bigarren Errepublikaren etorreratik, erbestean hil ziren arte. Denbora horretan, Errepublikan eta Bigarren Mundu Gerran elkarren aurka izatetik, Gerra Zibilean eta munduko gerraren ostean aliatuak izatera igaro ziren, frankismoaren aurka. Ez zuten lortu Francoren diktadura erorarazteko zuten helburu komuna eta, horregatik, Espainiatik kanpo hil ziren pare bat urte eskaseko aldeaz.

José Luis de la Granja Sainz Historia Garaikideko UPV/EHUko historia katedradunak, euskal nazionalismoaren, errepublikaren eta Gerra Zibilaren historian ardaztu du bere ikerketa, eta bien bitartean, Luis Sala González Historia Garaikideko doktoreak, XX. mendeko Espainiako sozialismoaren historiara eta Indalecio Prietoren figurara bideratu ditu bere lan-lerroak. Ikerketa bi horian batuketaren emaitza izan da liburua, Euskadiko ‘aita fundatzaileen’ bizitzak uztartzen dituen lana.

Aurkezpena datorren ostegunean izango da, Vital Fundazioaren Luis de Ajuria Aretoan (Alaba Jenerala 7, Vitoria-Gasteiz), 19:00etan. Ekitaldia dohainik da eta eserlekuak bete arte izango da sartzeko aukera. Sancho el Sabio Fundazioak antolatu du ekitaldia eta liburuaren egileez gain, Santiago de Pablo eta Antonio Rivera UPV/EHUko Historia Garaikideko katedradunek ere hartuko dute parte. Jesús Zubiaga Sancho el Sabio Fundazioaren zuzendaria arituko da aurkezle lanetan.