Gasteizko Adurza auzoko auzokideen elkarteak (Adurtza) gordailu-hitzarmen bat sinatu du bere artxibo dokumentala Sancho el Sabio Vital Fundazioan zaintzeko. Artxiboa honako hauek osatzen dute: pegatinak, jaietako programak (1963. urtetik hona), Elkartearen aldizkariak eta buletinak, azterlan ekonomikoak, liburuxkak, Adurza Kultur eta Aisialdi Elkartearen jarduerari buruzko dokumentuak, eta jaietako kartelak.

Jaietako kartelak eta programak digitalizatuko dira, eta Fundazioaren Euskal Memoria Digitala gordailu digitalean argitaratuko dira, Gasteizko eta Arabako tokiko erakunde eta gaiei eskainitako bildumaren barruan. Gainerako dokumentazioa ikerketarako eta auzoko memoria dokumentala kontsultatu nahi duten herritar guztien eskura jarriko da.
Adurtza auzoa Gasteizko hego-ekialdean dago, eta trenbideak banatzen du hiriaren erdialdetik. Auzoaren sorrera garraiobide horri estu loturik dago, bai eta XX. mendearen erdira arte bertan izan ziren kuartel militarrei eta horien ostean auzoan ezarri ziren industriei ere. Baina Adurtza hiriko beste langile auzo batzuetatik bereizten duena Elizak auzoaren sorreran izan zuen parte hartzea da; izan ere, inguru honetan “langile kristau komunitate zintzo bat” eratu nahi izan zuen. Komunitate sentimendu horrek bizirik dirau gaur egun auzoan. 80-90eko hamarkadetan industria garrantzitsu batzuk (Fournier, Esmaltaciones, BH…) berrantolatu eta birkokatu ostean, auzoko biztanle kopurua murrizten joan da, nahiz eta azken urteetan biztanle berriak iritsi diren, horietako asko eta asko etorkinak. Adurtzakoak auzo elkartea 1969an sortu zen, auzoaren beharrei erantzuteko eta auzoa hobetzeko. Gaur egun, 300 bat bazkide ditu, eta nahi duen pertsona oro izan daiteke bazkide. (Iturria: https://adurtzakoak.wordpress.com/)
Partekatu