Sancho el Sabio Fundazioak Montoya Ortiz de Zárate familiaren artxibategia jaso du

Sancho el Sabio Fundazioak Montoya Ortiz de Zárate familiaren artxibategia ere badu bere fondoen artean, Armiñonetik etorrita. Dokumentu horien berezitasuna duten itxuran datza, eta fatxadako horman sartuta aurkitu zirela, familia armarriaren atzean.

Sancho el Sabio Fundazioak familia-artxibategien proiektua du, 1993an hasia, eta ikertzaileentzako eskuratzen oso zailak diren dokumentu-fondo pribatuak Fundazioaren webgunean online kontsultatu ahal izatea ahalbidetu du. Proiektu horri esker, eta dohaintza berri hori kontuan izanda, hamabi dira familia-artxibategiak dituztenekin sinatutako hitzarmenak.

Kasu honetan, gordailua Montoya Ortiz de Zárate familiari esker izan da posible. Artxibategi txiki bat da, hamabi dokumentuz osatua, euren berezitasuna, hala ere, duten itxuran datza, dokumentu edukian eta nola aurkitu ziren. Berez, josita dauden dokumentu multzo bat da, eta Andrés Tomás de Montoya y Cárcamok bere etxean armarria antolatu dezan beharrezko informazioa dute. Euskarria papera eta pergaminoa dira, belus gorrian josiak eta neurrira egindako latoizko kutxa batean babestuta. Montoya Ortiz de Zárate familiak Armiñóngo euren  etxearen aurreko horman txertatuta aurkitu zuen latoizko kutxa, Montoya Cárcamo abizeneko familia-armarriaren atzean, Kale Nagusia zabaltzeko, ibilgailu handiak arazo barik pasa zitezen, etxearen zati bat bota eta armarria lakuz aldatu behar izan zenean.

Jabeentzat dokumentu oso garrantzitsua eta baliotsua zela adierazten du aurkikuntzak, horregatik gorde zutela leku hartan, seguraski familia-etxea eraiki zutenean edo eraberritu zutenean eta armarrien ziurtagiria lortu. Artxiboei dagokienez, ezohiko dokumentua da. Beste familia-artxibo batzuetan, mota horretako dokumentuak bananduta agertzen dira. Kasu honetan, Montoya Cárcamotarren armarriaren beharrezko ziurtagiri guztiak elkarrekin josita agertu dira, dokumentu-tipo perfektua osatzen dute, hidalgia ziurtagiriaren eredu. Ezinbesteko prozesu eta dokumentua dira XVI. mendetik XVIII. mendera arteko familia-bizitzan, dokumentu hori lortuta eskuratzen ziren pribilegioengatik, batik bat. Familia-etxean armarria jartzeko ez ezik, lanbide publikoak, militarrak edo elizakoak hartzeko aukera ere bazekarren, baita zergak ordaintzeko salbuespena ere, hau da, odol garbitasun eta hidalgia nobletasun-agiria zutenen eskura besterik ez zegoen pribilegioa.

Dokumentua bera ziurtagiria da, Ramón Zazo Ortega Carlos III.enaren Arma Errege kronistak luzatua, Madrilen, 1771eko abuztuaren 27an, Armiñongoa zen Andrés Tomás de Montoya y Cárcamok eskatuta (21-12-1724), Montoya eta Cárcamo bere abizen bien armarrietarako.

Montoya Ortiz de Zárate familiarekin sinatu den hitzarmenaren arabera dokumentua mugarik gabeko denboran gordailutuko da Sancho el Sabio Fundazioan, eta bete beharreko baldintza da dokumentazio hori beti Araban egon dadila. Era berean, familiako kide bakoitzak artxibo osoaren kopia digitalizatu bat jaso du. Beste alde batetik, artxibo horri esker,  eta Herreña, Armiñón, Estabelu eta Paiuetako elizetako parrokia-erregistroak ikertu ondoren, Montoya familiakoen zuhaitz genealogikoa egin da, XVI. mendetik, gaur egun arte.